«Gogoa genuen laguntasun hori disko batean islatzeko»
Proiektu ezberdinetan dabil Mikel Urretagoiena (Ordizia, 1991). Trezz taldearekin lehen diskoa kaleratu du: 'Venga que si'. Goierriko Jazzaldian joko du The Machetazo-rekin.
Zer da Trezz?
Hiru partaideok proiektu askotan parte hartu dugu, baina sekula ez elkarrekin. Musikenen ezagutu genuen elkar, hasieratik lagunak egin ginen eta jotzen hasi ginen. Gero bakoitzak bide ezberdinetatik jo zuen. Luismi Segurado pianistak, Dario Guibert kontrabaxistak eta nik (bateria) osatzen dugu hirukotea. Lagun bezala elkartzen ginen, baina gogoa genuen laguntasun hori disko batean islatzeko. Fania Estudioan grabatu genuen urtarrilean, Madrilen, eta aurreko astean kaleratu genuen lehen diskoa, Venga que si izenekoa, Errabal diskoetxearekin.
Salamankan aurkeztu zenuten.
Bai. Liburu Azoka zen Salamankan, eta Plaza Nagusian jo genuen, gaueko kontzertuan, irekieran.
Beste proiektu batzuetan murgilduta ere bazabiltza, ezta?
Azken aldian gehien bat The Machetazo proiektuarekin nabil. Aurten hirugarren diskoa aurkezten gabiltza. Kontzertuak nahiko konstanteak izaten ari dira. Horrez gain, azken bi urteetan asko landu dugun proiektu bat da Griffo, eta aurki aterako da honen diskoa ere. Primital proiektuarekin ere banabil. Duela 4 urte sartu nintzen taldean eta haiekin ere kontzertuak ematen ari naiz. Eta orain, Trezz.
The Machetazok ‘Guía del Jazz’ lehen saria irabazi du.
Hegoaldeko jazz asoziazio ezberdinek antolatzen dute. Gure ibilbidea aitortzen duen saria da, azkenean proiektuarekin jarraitzeko, grabatzen eta musika sortzen jarraitzeko modu bat da. Oso pozik gaude horrekin. Malagan jaso genuen duela astebete.
Zer musika estilo lantzen duzu proiektuetan?
Aipatu behar da lau proiektu horietan dena musika originala dela. Proiektu batean konposizio propioak direnean, estiloen nahasketa oso handia da. Jazzaren inprobisazioa hartzen dugu, eta hori erdigunean jarrita, nahasketa handia dago. Jazza, jazz garaikidea, rock-a, folklorea, ska…estilo ezberdinekin hazi gara eta horrek eragina du. Gure espresio modua da, geroz eta askeagoa, eta orduan gure bizipenetan dauden estilo guztiak uztartzen ditugu.
«Gure espresio modua da. Gure bizipenetan dauden estilo guztiak uztartzen ditugu»
«Beti berezia da bertan jotzea, jende ezaguna delako. Asko intentsifikatzen da»
Zure proiektu pertsonala garatzen zabiltzala diozu.
Duela urtebete inguru etorri nintzen berriro. Madriletik hona mugitu nintzenean, erreboluzio jaitsiera bat egon zen. Bizimodu aldaketa bat izan da. Horrenbeste aldaketa, emozio…asko konposatzen hasi nintzen. Eta pentsatu nuen, ‘hau dena bildu beharra daukat’. Aurten grabatzeko muga jarri nion neure buruari.
Zer moduz doa?
Ordizian Bizi Musika zikloan ere jo nuen kontzertu bat. Horren harira ere piztu zitzaidan harra. Kantu pilo bat dauzkat konposatuta, musikari erdiak ere lotuta. Kolaborazioak egongo dira bertako musikariekin. Euskal Herrian grabatu eta bertan mugituko dut. 2023 urtea bukatu aurretik grabatu nahi dut.
Madril inguruan lan egiten jarraitzen duzu halere?
Azkeneko zazpi urteak Madrilen pasa ditut. Azken zazpi urteetan eraiki dudan guztia Madrilen izan da. Grabatzera, entseatzera, hara joaten naiz. Eta handik aterata, gehiago mugitzen gara. Aurreko azaroan, adibidez, Ginean izan ginen Dani Pozoren bakarkako proiektuarekin. Esango nuke oraindik Madrilen daukadala lantokia.
Aurten Goierriko Jazzaldian joko du The Machetazok. Berezia al da?
Beti berezia da bertan jotzea, jende ezaguna delako. Asko intentsifikatzen da. Lehen aldiz The Machetazo-rekin izan ginen lehen diskoa aurkezten, eta aurten 3. diskoa aurkeztuko dugu. Aldatu gara lehenengotik. Gogo askorekin gaude.
Eta zu Bluestuntza jaialdian izango zara, uztailaren 20an.
Buztuntzako Blues Jaialdian, Rachel Therrien-ekin. Udan 4 kontzertu egingo ditugu berarekin musikari ezberdinek, eta bere kantak jotzen egongo gara.
Hurrengo kontzertua epe motzera, noiz daukazu?
Gaur The Machetazo-rekin joko dugu Logroñoko Breton Antzokian, Mayojazzea zikloan.













