Legazpiko Berdeek herriaren egunerokoa ondo ezagutzen duen hauteskunde zerrenda aurkeztu dute
Azken bi legealdietan zinegotzi izan den Alberto Bezunartea da berriz ere zerrendaburua.
Berdeak Equo eta legazpiar independenteak elkartzen dituen “herri hautagaitza” aurkeztu du Legazpiko Berdeak + Independenteak taldeak udal hauteskundeetarako. Azken hauteskundeetan bezala, Alberto Bezunartea da zerrendaburua oraingoan ere, eta zerrendak «aurpegi berri» batzuk ere jasotzen ditu .
«Azken zortzi urteetan gardentasunean, herritarren parte hartzean eta pertsonekin kontaktuan oinarritutako kudeaketa publiko zorrotz, konprometitu eta atseginaren alde gaudela erakutsi dugu». Orain, Berdeak + Independenteak taldearen lehentasuna «herritarren ongizatea bermatzea da, ingurune osasungarria, kalitatezko zerbitzuak eta diru publikoaren kudeaketa eraginkorra eta kolektiboa eskainiz».
Horretarako, Alberto Bezunartea aukeratu dute berriz ere alkategai, «azken bi legealdietan alkate izateko ondo prestatuta dagoela frogatu duelako oposiziotik, gaitasuna, eredugarritasuna, gertutasuna, gardentasuna eta publikoarekiko zorroztasuna erakutsita».
Bezunartea 52 urteko legazpiarra da, ingeniari agronomoa, Ingurumenean masterduna eta Lan Arriskuen Prebentzioan eta Energia Eraginkortasunean tituluduna. Atonomo gisa lan egiten du gaur egun energiaren sektorean, eta irakaslea da lanbide eskola batean.
Zerrenda «herriaren egunerokoa ondo ezagutzen duten pertsona apalek, zintzoek, arduratsuek eta langileek» osatzen dute: Izaskun Barjola, Roberto Diaz, Elvia Maldonado, Monica Monteagudo, Ruben Quintanilla, Ana Requejo, Jesus Izquierdo, Marian Valdes, Cristian Rodriguez, Conchi Fernandez, Patxi Garcia eta Jenny Castaño. Barjolak sektore sozio-sanitarioan lan egiten du, Diaz komertziala da hezkuntza alorrean, Maldonadok elikaduraren sektorean lan egiten du, Monteagudo ekonomialaria eta irakaslea da, eta Quintanillak metalaren alorrean lan egiten du.