Hasi da hauteskunde kanpaina
Gaur hasi da udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina. Sistema demokratikoko 12. udal hauteskundeak izango dira. Goierrin 66 hautagaitza zerrenda aurkeztu dira.
Abian da maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina. Gaur gauerdian hasi da. Hala, hilaren 26a arte alderdi politikoek haien gidaritzaren aldeko ekitaldiekin segiko dute, baita Goierrin ere. 1977tik 2023ra, udalerako hamaika hauteskunde egin dira. Sistema demokratikoko 12. udal hauteskundeak izango dira hala. 2019ko udal hauteskundeekin alderatuta, ez da aldaketa handirik. 66 hautagaitza aurkeztu dira Goierrin, eta 2019an 68 izan ziren. Duela lau urtekoetan, 806 lagun zeuden zerrendetan, eta aurten 811 dira.
PSE-EEk aurkeztu ditu hautagaitza gehien eskualdean, 22 udalerritatik 17 herritan osatu baititu zerrendak. EH Bildu hamasei herritan aurkeztu da, eta EAJ, hamaika herritan. 2019ko herri berdinetan aurkeztu dira aipatutako hiru alderdi horiek. Elkarrekin Podemosek hautagaitza bat gutxiago izango du aurten, laurekin. Ormaiztegin eta Urretxun ez dute hautagaitzarik aurkeztu, eta Beasainen, berriz, lehenengo aldiz aurkeztu dute zerrenda. Weley Aritz Corsitto Agirre beasaindarra da zerrendaburua. Azkeneko udal hauteskundeetan, Aulki Zuriak mugimenduak lehen aldiz presentzia izan zuen, Urretxun, baina aurten ez du hautagaitzarik aurkeztu.
2019an Araman eta Altzagan bina talde independente aurkeztu ziren. Aurtengoan, ordea, inon ez dago talde independente bat baino baino gehiago.
Araman, Gaintzan eta Mutiloan talde bana aurkeztu dute, talde independenteak hirurak; Altzagan, Ezkio-Itsason, Gabirian eta Zerainen, bina hautagaitza; Ataunen, idiazabalen, Itsasondon, Lazkaon, Legorretan, Olaberrian, Seguran, Zaldibian eta Zegaman, hiruna; Ormaiztegin eta Urretxun, launa; eta Beasainen, Legazpin, Ordizian eta Zumarragan, bosna.
Alkategai, berriro
Alkategaien generoari dagokionez, zazpi herritan –Ezkio-Itsason, Mutiloan, Zerainen, Araman, Idiazabalen, Lazkaon eta Olaberrian–, gizonezkoak dira alkategai guztiak. Gaintzak, berriz, alkategai bakarra du eta emakumea da. Bitxitasun gisa, Legorretako EAJren zerrenda osoa emakumeek osatua da.
Alkate gehienek alkategaitza errepikatuko dute. 2019-2023 agintaldian alkate izan diren 22 alkatetatik hamalau berriro aurkeztu dira: Joseba Telleria (Ezkio Eraikiz), Iñaki Ugalde (Mutiloako Herri Kandidatura), Jon Enrique (Ormaiztegi Batzen), Izarra Urdalleta (Segurako EH Bildu), Jon Luqui (Urretxuko EAJ), Mikel Serrano (Zumarragako PSE-EE), Maite Garmendia (Altzagaren Aldeko Taldea), Martin Aramendi (Ataungo EH Bildu), Leire Artola (Beasaingo EAJ), Iñaki Alberdi (Idiazabalgo EH Bildu), Iñaki Aizpuru (Itsasondoko EH Bildu), Kepa Zubiarrain (Lazkaoko EAJ), Jokin Garmendia (Olaberritarrak eta Olaberriarekin), eta Adur Ezenarro (Ordiziako EH Bildu). Araman, Gabirian, Legazpin, Zegaman, Zerainen, Gaintzan, Legorretan eta Zaldibian, berriz, alkate berria izango dute nahitaez.
51.354 hautesle
INE Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako martxoko leheneko datuen arabera, Goierrin 51.354 lagun daude deituta udal eta foru hauteskundeetarako: 123, Altzagan; 141, Araman; 1.238, Ataunen; 9.814, Beasainen; 474, Ezkio-Itsason; 402, Gabirian; 102, Gaintzan; 1.704, Idiazabalen; 442, Itsasondon; 4.226, Lazkaon; 6.546, Legazpin; 1.029, Legorretan; 203, Mutiloan; 699, Olaberrian; 6.969, Ordizian; 903, Ormaiztegin; 1.045, Seguran; 5.290, Urretxun; 1.164, Zaldibian; 1.106, Zegaman; 221, Zerainen eta 7.513, Zumarragan.
ALDERDIAK HERRIETAN
- PSE-EE (17). Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zumarraga.
- EH Bildu (16). Ataun, Beasain, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zumarraga.
- Independenteak (11). Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Mutiloa, Olaberria, Ormaiztegi, Zegama, Zerain.
- EAJ (11). Ataun, Beasain, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zumarraga.
- PP (7). Altzaga, Beasain, Legazpi, Ordizia, Ormaiztegi, Urretxu, Zumarraga.
- Berdeak-Equo/Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza IU (4). Beasain, Legazpi, Ordizia, Zumarraga.
811 izen
Goierriko 22 udalerriak kontuan hartuta, 811 izen daude zerrendetan, titularrak eta ordezkoak batuta. Izen horietatik 389 emakumeak dira, hau da, %47,96. Alkategaiak. Aurkeztutako 66 hautagaitzetan, alkategai 43 gizonak dira, eta 23 emakumeak (%34,84). Alkategai berriak izango dituzte zortzi herritan, eta hamalau berriro aurkeztu dira.
208 zinegotzi
Goierrin 208 zinegotzi aukeratuko dira, aurreko bozetan bezala. Herrika. Altzagan, Araman eta Gaintzan, 5na; Ezkio-Itsason, Gabirian, Mutiloan, Zerainen, Itsasondo eta Olaberrian, 7na; Ormaiztegin, Ataunen, Seguran, Zegaman, Legorretan eta Zaldibian, 9na; Idiazabalen, 11; Lazkaon, Urretxun, Zumarragan eta Legazpin, 13na; Beasainen eta Ordizian, 17na.