"Zaintza oinarri duen herria, guztiei irekia dagoen herria" eraikitzeko proposamena aurkeztu du Legorretako EH Bilduk
Gaur arratsaldean aurkeztu ditu Legorretako EH Bilduk udal hauteskundeetarako hautagaitza eta programa, frontoian. Iñaki Agirre Jauregi da alkategaia. Eguneko zentroa sortzea izango da taldearen lehentasuna.
Legorretako EH Bilduk udal hauteskundeetarako hautagaitza eta programa aurkeztu ditu gaur arratsaldean herriko frontoian. “Zaintza oinarri duen herria, guztiei irekia dagoen herria” eraikitzeko proposamena egin du. Sei proiektu zehaztu dituzte programan. Hautagaitza taldeaz gain, Laida Begiristain Batzar Nagusietarako Oriako zerrendaburua ere izan da ekitaldian.
Zelai Amenabarro alkateak aurkeztu du Iñaki Agirre Jauregi alkategaia, eta hautagaiak hartu du hitza ondoren. Hautagaitza “erronka handia” dela eta “ilusio handiz eta erantzukizunez hartuko” duela agertu du. “Herritar talde plural batek osatutako” zerrendaren “ilusioa, ekimena, gertutasuna eta konpromisoa” azpimarratu ditu, eta “legorretarrengandik gertu aritzeko, udaletxeko ateak alderik alde irekita edukitzeko, eta herritarren alde lan egiteko” konpromisoa hartu du. Orain arte udalak egindako lanarekin jarraituko dute. “2030 plan estrategikoan dauzkagun proiektuak gauzatuko ditugu”.
Maddi Jauregi Gaztañagak (zerrendan bigarrena) hitz egin du ondoren, programaren berri emateko. Zaintza sistema indartzea izango dute helburu. 2019-2023 agintaldian eguneko arreta zerbitzua jarri dute, eta hurrengoan eguneko zentroa jartzea izango da haien lehentasuna. Bakardadeari aurre egiteko programarekin lotuko dute. “Ezinbestekoa da menpekotasunen bat dutenei edo bakardadean daudenei zerbitzuak herrian bertan ematea. Datozen urteetan adinekoen kopuruak gora egingo du eta ezinbestekoa izango da horri erantzutea”.
Eguneko zentroaren proiektuarekin lotuz, zaintzaileak zaintzearen beharra nabarmendu dute. “Horren atzean zaintzaileen lana ezkutatzen da, emakumeak izaten dira gehienetan, eta horiek zaintzea ezinbestekoa da”. Batetik, zaintzaileak babesteko eta zaintza premiak dituzten familiak sentsibilizatzeko programa bat jartzea jasotzen du taldearen proposamenak, eta bestetik, zaintzaileen lan poltsa bat sortzea, “herrian sor daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko”.
Legorretan lan egin eta bizi diren “guztien bizitzak bizigarri egiteko”, etorri berriei harrera egitea “ezinbestekotzat” jo dute. Horretarako, harrera plan bat osatzea, bizilagun berrientzako gida bat sortzea eta jatorri atzerritarreko familiek, batez ere haurrek eta gazteek, herriko ekintzetan parte har dezaten programa zehatzak bultzatzea proposatu dute.
Ardatzak azalduta, sei proiektu zehaztu dituzte programan:
-Gazteen emantzipazioa eta behar bereziak dituzten herritarrek etxe egokiak izateko etxebizitza politika lantzea.
-Herriko azpiegitura publikoak eraberritzea eta kirola egiteko eremu egokiagoak sortzea. Rokodromoa eta gimnasioa egiteko proiektuak garatzea.
-Plan urbanistiko berria egitea herritarrekin elkarlanean.
-Herri hezitzaileagoa izateko proiektuak garatzea eta nerabeentzako eskaintza osatzea, nerabeei ahotsa emanez.
-Energia kontsumoa murrizteko plaka fotovoltaiko gehiago jartzea, berriztagarriei bidea eginez. Etorkizunera, herrian komunitate bat osatzea, energia hori baliatzeko.
-Basoen ustiaketa aztertzea eta landa lurren kudeaketa hobetzea. Elkarlana sustatu lur jabeen eta ekoizleen artean eta lursail batzuk erosi zuhaitzak jartzeko.
Oriako zerrendaburua
Azkenik, Laida Begiristain EH Bilduren Batzar Nagusietarako Oriako zerrendaburuaren txanda izan da. Azken legegintzaldian Legorretako EH Bildu ordezkatu duen taldeari eskerrak eman dizkio, eta animoak eta indarrak lan talde berriari. “Gipuzkoako gehiengo soziala, gehiengo emozionala ordezkatzen duen taldearen izenean, konpromisoa eta jakintza baliatuz herritarren beharrak eta nahiak erantzuteko prest” agertu da. Politika publikoen anbizio falta salatu du eta “anbiziotik abiatutako politika publikoak egiteko unea” dela adierazi du, “ezkerretik, feminismotik eta euskaraz”.
Bukatzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa eta doakoa aldarrikatu du. “Zaintzarako eskubidea bermatu behar dugu, bizitzaren edozein unetan guztiok zainduak izan beharko dugu, eta zainduak izan behar badugu, ongi zainduak izateko eskubidea izan behar dugu”.
Legorretako EH Bilduren hautagaitza zerrenda:
1. Iñaki Agirre Jauregi
2. Maddi Jauregi Gaztañaga
3. Odei Lopez Larrauri
4. Carmen Mendez Calvo
5. Beñat Jauregi Nazabal
6. Izarne Larrea Olano
7. Ametz Gurrutxaga Murua
8. Gorka Arretxe Dorronsoro
9. Nekane Zabala Lizarribar
Ordezkoak:
10. Zelai Amenabarro Goikoetxea
11. Eneko Garmendia Uribe
12. Nekane Maiz Jauregi