Blas Camposen argazkiak daude ikusgai Juan Kruz ile apaindegian
Argazkilari nafarrak bi erakusketa paralelo bildu ditu batean, paisaiak eta emozioak ardatz hartuta.
Legazpiko Juan Kruz ile apaindegian argazki erakusketa berria dago ikusgai ekainaren amaierara arte. Oraingoan, Blas Campos nafarraren argazkiak eskegi dituzte erakusketa areto berezi horretako hormetan.
Camposek bi erakusketa paralelo jarri ditu ikusgai, bata Paisaje emocional izenburuarekin, “paisaia, berarekin batera doazen emozioekin lotuta bakarrik existitzen da”. Erakusketa paralelo honen bigarren atala La huella del fuego da, eta honela azaldu du egileak: “Paisaia emozionala hauskorra da, zaurgarria. Zer egiten dugu desagertzen denean?”.
Blas Campos argazkilaria eta pedagogoa da. 17 urterekin erosi zuen lehen kamera konpaktua, eta 1985 eta 1993an jorratu zuen argazkigintza, 30etik gora argazkilari hispano amerikarrekin hainbat lan jardunaldi eginez. Lan ugari egin zituen garai hartan enkarguz, besteak beste sanferminetako entzierrokoak, zuri-beltzean, eta haurren erretratuak etxez etxe. Gero antzerki eta musika taldeentzako eta erakunde sozio-hezitzaileentzako erreportajeak egin zituen, fanzineetan, prentsan, karteletan, diskoetan eta CDetan argitaratzeko. Aldi berean, lan pertsonalak erakusten ere hasi zen, Nafarroan eta Nafarroatik kanpo, baita gazteei argazkigintza erakusten ere. Argazkiari buruzko hainbat artikulu ere argitaratu ditu.