ATAUN. Begia luzera, bi ikuspegitatik
Hiru zerrenda aurkeztuko dituzte Ataunen udal bozetarako: EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Herriko bi hautagaitzek plangintzak aurkeztu dituzte, geroaren zutarri
Bi aukeraren artean ebatziko da Ataunen 2023-2027 agintaldirako norabidea, maiatzaren 28an. Gaur egun alkate den Martin Aramendik gidatutako EH Bildu, zinegotzi gisa urte asko egin ondoren alkategai aurkeztu den Kontxi Sukiaren EAJ, eta Manuel Angel Lopez Becerra zerrendaburu eta Ataundik kanpoko hautagaien PSE-EE.
EH Bilduk hurrengo hamar urteetarako oinarriak jartzeko Ataun 2035 herri proiektua eratzeko konpromisoa agindu du hauteskunde-programan. «Gai estrategikoak landuko eta erabakiko dira: lur sailen kalifikazioa, energia, kultura, etxebizitza, euskara, feminismoa, adinekoen zerbitzuak eta gazteen aisialdia». Hurrengo agintaldirako, ordea, energiaren eta elikaduraren arloetan aldaketa-urratsak egiten hastea jarri ditu helburu.
Ataunek izan behar dituen nortasun-ikurrak «bizia, inklusiboa, euskalduna, berdintasunezkoa eta parte-hartzailea» dira, EH Bilduren aburuz. «Ataun burujabea» izatea hartu du koalizioak bere neurrien norabide: energiaz eta elikaduraz gain, edateko uraren sarea eta kudeaketa.
Sei proiektu zehaztu ditu, lau urtekorako egin beharrekotzat: Ataun 2035 «herri proiektua», etxebizitza politikan gaur egungo ereduaren «alternatiba» eskaini, San Martingo Botika-etxea egokitu, zaharren zaintza eta arreta zerbitzuak indartu, ingurumen-basogintza arloan Koniferoen Antolamendu Plana indarrean jarri, eta herriko elkarteen jarduna babestu.
Etxebizitza eta adinekoak
Etorkizunean «atzera ez gelditzeko» ekimena eta eskaintza jaso ditu EAJk programan, eta hamar proiektutan gorpuztu ditu. «Esperientzia» ezaugarritzat eta hainbat arlotan duen taldea osatu dute.
Etxebizitza politika «sendo bat» behar dela adierazi du EAJk, lehenengo, «etxe zaharrak berritzeko eta etxe berriak egiteko». San Martingo herrigunea «osatu» eta aurreikusitako etxe plana abiarazi nahi du. Ataunek etxebizitza politikarik ez daukala, eta «herria garatu dadin behar-beharrezkoa» dela iritzi dio.
Hirugarren adinekoen egoerarekin kezka agertu du. Adinekoen zaintzarako eta osasun arretarako San Martingo Botika etxea egokitzea proposatu du. Belaunaldi askotako herritarren «beharrak» garatzeko gunetzat ulertzen du eraikina, kulturarako izateaz gain; baina «foku nagusia», adinekoengan.
Komertzio txikia bultzatzea, zuntz optikoa etxe guztietara eraman, baserriak berritzeko laguntzak eta gazteak nekazaritzan hasteko «proiektu esperimental bat» jarri, herribidea bukatu eta aldapak kendu, eta Erabaki plataforma sortzea dira EAJren beste ideia batzuk, udalgintza herritarrei gerturatzeko.
EH Bildu | 531 | 5 |
EAJ | 440 | 4 |