Eskolako Agenda 30eko partaideek energiari buruz egindako lanketa aurkeztu dute udalean
Bi ikasturteetan zehar egin duten lana izan da, eta hainbat proposamen luzatu dizkiete udal agintariei.
Domingo Agirre, Olazabal eta Haztegi ikastetxeetako ikasle talde bat udaletxean izan da gaur goizean, Eskolako Agenda 30ean egindako lana udal agintariei aurkezten. Energiaren gaia landu dute bi ikasturteetan zehar, hain zuzen, Garapen Iraunkorreko 17. helburuarekin lotura duena: Energia jasangarria eta eskuragarria bermatzea.
Ikasleek egin duten lana diagnostiko batetik abiatu da, eta ondorioak atera, konpromisoak hartu eta proposamenak egin dituzte. Hurrengo ikasturtean, ekintza edo esku hartze plana diseinatuko dute.
Zikloka banatutako azterketak
Legazpiko ikasleek egindako lanak Energia, bizitzaren motorra izenburua du, eta zikloka banatuta egin dute.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek egunerokoan energiaren erabilera ikertu dute, eta ohitura desegokien aldaketaren premia ikusi dute, adibidez, “gela batetik irtetean eta hutsik badago argiak itzaltzea edo dutxa motzak hartzea”. LH 3. eta 4. mailakoek, energia eta mugikortasunaren arteko erlazioa aztertu dute, eta ikusi dute “herrian desplazamendu asko autoz egiten dela”. LH 5. eta 6. mailakoak energia eta argiaren arteko erlazioa aztertu dute, eta farolen formari eta ematen duten argi motari erreparatu diote.
DBHko 1 eta 2. mailakoek energia motak aztertu dituzte eta berriztagarrietan jarri dute arreta, “gutxien erabiltzen direnak” direlako. Gainera, “energia gauza guztietarako behar-beharrezkoa” dela jabetu dira. DBH 3. eta 4. mailakoak eraginkortasun energetikoaren inguruan aritu dira lanean, eta eskualdean martxan dagoen estrategia ezagutu dute.
Azkenik, Batxilergokoek inkesta bat egin dute, trantsizio energetikoaren inguruan herritarren artean zer ezagupen dagoen jakiteko, eta “informazio gutxi” dagoela ondorioztatu dute. Uggasaren energia arreta zerbitzua ere ez dela asko ezagutzen ikusi dute.
Konpromisoak eta proposamenak
Lanketaren ondoren, Legazpiko ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte, besteak beste, dutxa motzagoak hartzea, hutsik dauden geletako argiak itzaltzea, erabiltzen ez diren gailu elektrikoak entxufatuta ez uztea, argia alferrik ez piztea, garraio publikoa edo bizikleta gehiago erabiltzea, joan-etorriak oinez egitea, eta etxekoak bultzatzea energia aurrezteko neurriak hartzera.
Konpromiso horiek hartzeaz gain, energiaren alorrean proposamenak ere luzatu dizkiote udalari. Proposamenetako bat da garraio publikoan maiztasun handiagoa ezartzeko eskatzea aldundiari, eta Junetorri autobus handiago bat jartzea. Etxebizitzetan energia berriztagarriak bultzatzen jarraitzea eta eguzki panelak jartzeko informazioa eta diru laguntzak ematea ere proposatu dute. Farolen argiei buruz ere egin dute proposamena, hala nola, argitasunaren eta iluntasunaren arabera piztu eta itzaltzeko programatzea, detektoreak jartzea, eguzki plaken bidez elikatzea eta Urtatzazarreko parkean, Bikuñan eta Urtatzan argi gehiago jartzea. Bidegorri gehiago eta dagoena luzeagoa egitea ere proposatu dute, eta auto elektrikoak kargatzeko espazio gehiago jartzea ere bai.
Udalaren aldetik Koldobike Olabide alkateak eta Maite Lonbide Tokiko Garapen Iraunkorreko zinegotziak egin die harrera Eskola Agenda 2030eko kideei, eta egin dituzten azalpenei eta proposamenei.