Klarinete alardea egingo dute Legazpin igandean, Doinua musika eskolak antolatuta
Kalejirarekin hasiko dira, eta kontzertua egingo dute gero plazan, 200dik gora musikarik. Musika eskolan matrikula epea irekita dago ostiralera arte.
Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako 200 klarinete jotzaile elkartuko dira igandean Legazpin, Doinua musika eskolak egindako deialdiari erantzunez. Legazpiko lehen klarinete alardea izango da, eta musika tresna horren doinuak herri osora zabalduko dituzte musikariek, goizean zehar egingo dituzten kalejirarekin eta kontzertuarekin.
Andoaingo, Hondarribiko, Elgoibarko, Azpeitiko, Oñatiko, Aretxabaletako, Errenteriako, Zumaiako, Hernaniko, Ordiziako, Urnietako, Zumarragako, Urretxuko, Donostiako, Arabako Araiako eta Aguraingo eta Nafarroako Irurtzungo musika eskoletako ikasleek parte hartuko dute alardean, Legazpiko Doinuako klarinete ikasleekin batera. Musikariak 10:00etan elkartuko dira plazan entsegu orokorra egiteko, eta hamaiketakoaren ondoren, kalejiran aterako dira 12:00etan. Plazara itzuli eta 12:30ean kontzertua emango dute guztiek batera, Jesus Castillejo Legazpiko irakasleak zuzenduta. Eguraldi txarra eginez gero, entsegua eta kontzertua Azokan egingo dituzte.
Doinuako zuzendari Aitor Madinak azaldu duenez, “bi urtetik behin egiten den Musikaldia festa handia ez dago aurten, eta horren ordez hainbat ekintza berezi egiten ari gara, musika eskolatik kanpo ateratzeko helburuarekin”. Hala, urtea hasi denetik Legazpiko musikariak Hernanin, Azpeitian eta Astigarragan izan dira hainbat topaketetan, eta Legazpira Gasteizko ikasleak etorri dira. Igandeko alardea antolatzeko udalak emandako erraztasunak eta laguntza eskertu nahi du Madinak.
Matrikula irekita
Doinuan, bestalde, irekita dago datorren ikasturterako matrikula epea, eta ostiralean amaituko da. Legazpiko musika eskolaren eskaintza 4 urtetik hasita, mugarik gabeko adineko jendearentzat da. Ohiko musika hezkuntzaz eta armoniaz gain, instrumentuen aukera zabala, grabaketa, abesbatza, musika eta mugimendu, informatika musikala eta euskal folklorea sustatzeko tailer korala ere eskaintzen ditu Doinuak.
Instrumentuei dagokienez, pianoa, eskusoinua, txistua, saxofoia, biolina, tronpeta, tuba, gitarra, gitarra elektrikoa, klarinetea, dultzaina, bonbardinoa, perkusioa, baxua, tronboia, zeharkako flauta, trikitixa eta panderoa jotzen ikas daiteke musika eskolan.
Ikasleek, gainera, ikasitako hori praktikan jartzeko aukera dute eskolaren baitan osatutako konbo taldeetan, eta baita banda txikian edo banda gaztean ere.