Berdintasunean ñabardurak
Lehia estua espero da Lazkaon EAJren eta EH Bilduren artean udal hauteskundeetan. PSEk hautagai beteranoa berreskuratu du, erabakigarri izan nahian. Proposamen berriak aurkeztu dituzte
Ohiko hiru aukeren artean erabaki beharko dute lazkaotarrek maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Bukatzear den agintaldiko gidari berberak aurkeztu dituzte EAJk eta EH Bilduk; duela bi hauteskundetakoa berreskuratu du PSE-EEk, zortzi urteren ondoren udalera itzuli nahian. 40 botoren aldea izan zuten 2019an EAJk eta EH Bilduk. Ikuskizun dago berdin segitzen duten, edo hirugarren talde batek zeresanik baduen.
Ekonomia
EAJk «kalitatezko enplegua» sortuko duten jarduerak jarri ditu programaren erdian, Goiekiren eta Goierriko Herrien Ekintzaren bidez. Industrian, Kanpandegi eremura enpresak erakartzea hartu du erronka. Ibabe-Hiribarren, berriz, «jarduera mota guzietara ireki» nahi du, hiriarekin uztargarri. Merkataritza-zerbitzuetan, sektoreko mahaia osatzea proposatu du, eta espazio publikoen erabilera antolatu. Lehen sektorean, mendi bideak eta Aralarko «azpiegiturak», lur zorua digitalizatu, Basotik egitasmoa eta bertako produktuen ekimenak dira ardatz.
EH Bilduk Goierriko ikuspegitik eskaini du ekonomiaren aukera, oro har hautagaitza guztietako programetan: industriari eustea da lehentasuna, hirugarren sektoretze joerari galga jarrita eta industria berrindartuz eta enpresa sarea sendotuta. Goiekirekin eta Goierri Valleyren bidez «politika industrial ekintzailea» bultzatuko dute, kalitatezko enpleguari eutsi eta aberastasun iraunkorra sortzeko. Kluster egiturak ebaluatu beharko lituzke Goiekik, eta EAEko industria politiketan eragitea lortu nahi ditu, langileen parte-hartzea bermatuta.
PSE-EEk Kanpandegiko industrialdea bultzatzeari eman dio garrantzia. Turismo arloan, herri barruan karabana eta furgoneta kanperizatuen erabilera arautu beharra ikusi du.
Etxebizitza
Etxebizitzaren arloa EAJk Hirigintza Plan Orokor berriaren idazketarekin lotu du, zuzenean. Iturgaitzaga (60 bizitza) eta Esparru (falta direnak) eremuak garatu, eta Bionan nahiz Enparandegin etorkizuneko biziguneak definitzearen alde da.
EH Bilduk alokairuko etxeen arloari jarri dio arreta. Alokatzeko eskaria eskaintza baino handiagoa izatearen zailtasunak arindu nahi ditu. Alokairurako eta energia-efizientziaren obretarako laguntzen berri argiago eman beharra ikusi du. Lehentasuna, «eraikitako etxebizitza parkeari ahalik eta erabilgarritasun handiena» ematea da, etxe hutsak ere barne hartuta.
PSE-EEk udal jabetzako lur sailak Eusko Jaurlaritzari ematea proposatu du, alokairuko bizitzak eraiki ditzan. Energia efizientziaren eta irisgarritasunaren aldetik etxeak hobetzeko diru laguntzen alde egin du.
Gizarte politikak
Komunitate kohesionatua eta solidarioa dira landu beharreko bideak alderdi jeltzalearentzat. Migrazioa, zaintza, parekidetasuna, bakardadea, zaurgarrien babesa, euskara eta aniztasuna dira zaindu beharreko atalak. Beren kabuz molda daitezkeen adinekoentzat apartamentu bereziak egokitzea proposatu du, eguneroko zainketa, garbiketa eta otorduak emango zaizkiena.
EH Bilduk udal zerbitzuak auzoetara eramatea agindu du, batez ere helduentzat erraztasunak ematearren. Areriako sotoa, Hirigoiengo eskolatxoa eta beste lokal batzuk auzotarren topagune izateko moldatu nahi ditu. Zaharren zaintzan, ahalik eta luzaroen norbere etxean bizi daitezen bitartekoak bideratuko ditu, eta zaintzaile profesionalen bailarako kooperatiba bat sortu, lan baldintza duinak, formazio ona eta euskara ziurtatzeko.
Kultura, kirola, euskara
Harizti Handi barrenean kirol gune berria eraikitzea da EAJren ideia bat: futbol zelai bat gehiago, frontoia, tenis eta padel pistak izango lituzke. Kiroldegian, egungo obra amaitu, gimnasioa handitu eta ikastaro-gela berriak sortuko ditu. Kanpoko igerilekuen alboan, berriz, padel pistak, skate parke eta pump track zirkuitu berriak jarri, eta mendi bizikleta ibilbideak zehaztu nahi ditu. Ekipamendu soziokultural gisa, Hirigoiengo eskolatxoa gazteen eta kultura-beharretarako egokitzea, eta kultur etxea «hasierako helburuetara» bideratzea ere jaso du programan, musika eskolarentzat eta taldeentzat espazio berriak jarrita.
EH Bilduk kultur eragileen eta boluntarioen lana erraztuko du. Lokal faltari irtenbidea aurkituko diola agindu du, eta taldeen eta erakundeen arteko elkarlana estutu. Kirol eskaintza handitu nahi du, lehiaketa mailakoa nahiz lehiarik gabekoa. Auzoetan kirol instalazio berriak beharrezko jo ditu, kalistenia egiteko eta ur parke bat, esate baterako. Instalaziorik behar ez duten pasiera, korrika, zikloturismoa eta antzeko jarduerak ere indartu nahi ditu, kirol-osasun arloan.
PSE-EEk padel pistak jarri nahi ditu, erabilera publikokoak eta doanekoak. Gazteentzat zuzendutako kultur eskaintza euren parte-hartzearekin eta prezio modu onean antolatu behar da, alderdi sozialistaren iritzian. «Astotxo Eguna berreskuratzea» da beste egiteko bat.
Hirigintza
Hirigintza Antolamenduko Plan Orokor berria baliatuz, hainbat aldaketa aurkeztu ditu EAJk. Hiribarren kalea eta Harizti Handi sarbide batekin lotzea da bat, zubi eta bide berriekin. Gune historikoko eraikinak biziberritzea eta jarduera ekonomiko ezberdinak ahalbidetzea bultzatuko du. Plaza berregokitzeko ideia batzuk eman ditu: lurpeko aparkalekua egin eta gaina plaza modura edo eraikin publiko berri batekin berrantolatu, osagai ezberdinekin atondu… Herritarrekin landu nahi du gaia. Meandroa aisiarako egokituko luke. Anbulatorioa handitzea, ikastolako jolastokia berritzea jaso ditu programan, Agauntza errekaren ertzak berreskuratzea eta Lazkaomendira oinezko bidea irekitzea –2019an bi udal taldeek agindua– ere jaso ditu.
EH Bilduk hirigintza-proiektu nagusia Gurutze-Hirigoien-Katilusoro (meandroa) eremurako proposatu du. Gune bakar modura berrantolatu, eremu guztiak lotu, eta kirolerako eta aisiarako bideratuko ditu. Beste helburu bat, gaur egun daukan zoru artifizialaren zati bat naturalizatzea izango da, zuhaitz eta lorategi gehiago jarrita. Herrigunean, oro har, berdegune gehiago sortu nahi ditu koalizioak, klimaren gordintzearen eraginak arintzeko: «udan hormigoizko basamortu bihurtzen» diren plazen itogarritasuna ezabatu. Auzokako udal eraikin sare bat egokitzea da hirigintza arloko beste ekinbide nagusia, zerbitzuak eta baliabideak haitean emateko.
PSE-EEren programan, Enparandegi baserri aldeko belardietan etxebizitzak eraikitzeko proiektua garatzea aipatzen da. Bestetik, inguru hartan Agauntza errekaren gainean oinezkoentzat zubi baten falta sumatu du, bi aldeen lokailu. Hirigoien eta Jose Lasa kaleen bidegurutzean errotonda bat eraikitzea ere beharrezkotzat jo du.
Lazkaoko 4.226 herritar (bertan erroldatutakoak eta 18 urtetik gorakoak) daude maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa ematera deituta.
13 zinegotzi. Lazkaoko Udalbatza 13 zinegotzik osatuko dute 2023-2027 legealdian ere, orain arte bezala, udalerria 5.000 bizilagunetik gorakoa denez.
2019ko emaitzak
Botoak | Zinegotziak | |
EAJ | 1.394 | 7 |
EH Bildu | 1.354 | 6 |
Historikoa
Lazkaoko alkateak
1979-83. Diego Gurrutxaga (EAJ)
1983-87. Diego Gurrutxaga (EAJ)
1987-91. Diego Gurrutxaga (EAJ)
1991-95. Inazio Estensoro (EAJ)
1995-99. Inazio Estensoro (EAJ)
1999-03. Felix Urkola (EA-EAJ)
2003-07. Felix Urkola (EA-EAJ)
2007-11. Patxi Albisu (EAJ)
2011-15. Azeari Andonegi (Bildu)
2015-19. Felix Urkola (EAJ)
2019-23. Kepa Zubiarrain (EAJ)