LEGORRETA. 11 proiektu, 2 aurpegi
Hiru hautagaitza aurkeztu dituzte Legorretan: EH Bildu, EAJ eta PSE-EE. Zaintza du ardatz EH Bilduren proposamenak, eta gazteen emantzipazioa EAJrenak.
Legorretan hiru hautagaitza aurkeztu dituzte, baina bik dituzte zinegotziak lortzeko aukera errealak. PSE-EEren hautagaitzaren zerrendaburua Maite Cruzado Barrenetxea da. EH Bilduren eta EAJren artean egongo da jokoa. EH Bilduk 5 zinegotzi lortu zituen azken bozetan, eta EAJk 4. Alkategai berri bat aukeratu du Legorretako EH Bilduk. Iñaki Agirre izango da alkategaia. EAJn, Aitziber Meabek errepikatuko du hautagaitza.
Aurreko udal taldeak egindako lanarekin jarraitu nahi du EH Bilduk. Legorreta 2030 plan estrategikoa lantzea izango da iparrorratza. «Inoiz izan den parte-hartze prozesurik zabalena egin dugu herrian. Planean jasotako proiektuak gauzatzea dagokigu orain».
Zaintza eta harrera jarri ditu alderdiak erdigunean. Eguneko arreta zerbitzua sortu ondoren, eguneko zentroa jartzea izango da haien lehentasuna, bakardadeari aurre egiteko programarekin lotuta. Zaintzaileak zaintzea «ezinbestekotzat» dute, eta horretarako bi proiektu nabarmendu dituzte: «zaintzaileak babesteko eta zaintza premiak dituzten familiak sentsibilizatzeko» programa martxan jartzea; eta zaintzaileen poltsa bat sortzea. Harrerari dagokionez, harrera plan bat egitea eta bizilagun berrientzako gida bat sortzea dira proposamenak.
Etxebizitza politikan, azpiegitura publikoak eraberritzen, herritarrekin plan urbanistiko berria egiten, nerabeentzako eskaintza osatzen, energia kontsumoa murrizteko berriztagarriei bide ematen, eta landa lurren kudeaketa hobetzen egingo dute lan.
Emantzipazioa
Gazteen emantzipazioa izango da Legorretako EAJren lehentasuna. Legorretarrak bertan bizi eta lan egitea dituzte helburu. Taldearen esanetan, herriak «hutsune nabarmenak» ditu «gazteak emantzipatzeko eta herrian bertan bizitzen geratzeko, etxebizitza, zerbitzuak eta lan aukera faltagatik», eta horretan egingo du lan «herria aktibatzeko eta udala lozorrotik ateratzeko osatutako taldeak».
10 proiektu zehaztu dituzte: Zubiaurre auzoan babesturiko etxebizitzak egitea, «gazteen emantzipazioa errazteko»; errepide zaharra bulebarizatzeko saihesbide berria egitea, «bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko; paper fabrikako eremuaren berrikuntza; udal gimnasioa eraikitzea eta igerilekuko lanak definitzea; eguzki plaken proiektua sustatzea Arizpe harrobiko eremuan; gazte lokalak sustatzea, «herriko gazteak elkartzeko eta haien aisialdia errazteko»; eguneko zentroaren «bideragarritasuna aztertzea»; Oriarko Jauregiari irtenbidea emateko «jarrera aktiboa jorratzea»; tren geltoki berriaren proiektuarekin jarraitzea; eta herriko merkataritza suspertzeko neurriak hartzea, «merkatariekin eta ostalariekin elkarlanean, negozioekin laguntzeko».
Legorreta EH Bilduren programa
Legorretako 1.029 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Legorretako udalbatzari 9 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
EH Bildu | 452 | 5 |
EAJ | 334 | 4 |