«EAJrekin ondo doaz gauzak, eta hala jarraituko dute»
Legazpiko EAJ-k «pertsona gazte, prestatu eta gogotsuez osatutako taldea» aurkeztu du, zerrendaburu Eric Galvez duela.
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak herriari?
Pertsona gazte, prestatu eta gogotsuez osatutako taldea aurkezten dugu, euren urterik onenak Legazpiko etorkizuna eraikitzen emateko prest daudenak, eta gogo biziz datozenak. Eta honi gobernu lanetan emandako zortzi urteko esperientzia gehitzen diogu, honetan Europako ELOGE saria ere jaso dugularik, Gobernantzan bikaintasuna aitortzen duena.
Jendeak jada ezagutzen gaitu, nolakoak garen badakite, lana nola egiten dugun eta gure lehentasunak non dauden. EAJrekin ondo doaz gauzak eta jendeak badaki gurekin lasai egon daitekeela herritar guztiak zaintzen ditugulako, inor atzean utzi gabe. Gure azpi-egiturak eta auzoak hobetzeko inbertitzen dugu, gure ekonomia zaindu, eta tradizioa eta kultura defendatzen ditugu. Errealistak gara baina oso handinahiak ere eta gure herrirako onena nahi dugu.
Azken finean, jendeak badaki gurekin gauzak ondo doazela eta ondo joaten jarraituko dutela.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Aizkorri kaleko ardatz nagusia hobetzea izango da proiektu hauetako bat; Urtatzako igogailuaren ondoko ur deposiuoaren gunea berreskuratzea; San Inazioko txabolen inguruan aparkaleku bat eta aisialdirako gune bat eraikitzea; gimnasioa eta futbol zelaia berritzea; bidegorria amaitzea; eta ADIFek geltokiaren obrak amaitzeko presioa egiten jarraitzea. Horrekin batera, industria, merkataritza, kultura, euskara eta kirola bultzatzeko politikak ere sustatuko ditugu. Martxan ditugun proiektuei ere jarraipena emango diegu, hala nola Ezkurrenean eraikiko ditugun adinekoen pisu tutelatuak eta gazteentzako alokairu sozialak ditugu; eta Sidenorreko eremuaren berritzearekin kolaboratzen jarraituko dugu.
Aurrenekoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Azken zortzi urte hauetan udal-gobernuan jasotako esperientziak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak ere emandakoak lasaitasuna ematen dit, hauei esker administrazioko zokoak ezagutu baitut. Bestalde Legazpik behar duen proiektua sortu dugu, ilusio handiarekin nago, eta hau aurrera eramateko talde bikaina dugu gainera. Honi guztiari egunero nire bizilagunengatik jasotzen dudan babesa eta maitasuna gehitu behar diot eta honek guztiak etapa honetaz benetan gozatzera eramaten nau.
1. Eric Galvez Alvarez.
2. Amaia Aizpurua Makatzaga (Ind.).
3. Miryam Galilea Ibañez (Ind.).
4. Edurne Matias Gaztañaga (Ind.).
5. Josu Galilea Ibañez (Ind.).
6. Mikel Alberdi Larrañaga.
7. Francisco Javier Iraeta Alvarez.
8. Ane Urkiola Alustiza.
9. Aitziber Beldarrain Robles.
10. Maite Lonbide Lizarralde (Ind.).
11. Iñigo Imaz Altzelai.
12. Amaia Zaldua Larrañaga.
13. Miren Koldobike Olabide Huelga.
Ordezkoak
1. Maria Gloria Martinez de Guereñu Fernandez de Ocariz.
2. Maria Olatz Urrestilla Garcia.
3. Iñigo Alberdi Larrañaga (Ind.).