«Gobernatzeko beste eredu bat ekarriko dugu»
Bigarren aldiz aurkezten da Edurne Gonzalez EH Bilduren alkategai gisa. Gobernatzeko beste eredu bat agindu du.
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak herriari?
Gure hautagaitzak gobernatzeko beste eredu bat ekarriko du, guk gauzak beste modu batera egiten ditugulako. Herritar eta eragileekin lankidetzan jarduteko espazioak sortuko ditugu, horiekin sareak eraiki edo indartuz. Guk erabaki ahalmena herritarrekin partekatuko dugu, eta haien bizitzak etengabe elkarrekin hobetzeko proiektuak landuko ditugu.
Era berean, gizarte gero eta feministago bat eraikitzeko lanean jardugo dugu eta euskara berriz ere udaleko lan hizkuntza izango da.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Gure herri programak bederatzi proiektu jasotzen ditu, horietatik bi eskualdeko gainontzeko herriekin elkarlanean garatzekoak dira. Laburbilduz, elkar zainduko duen herria izateko baliabideak eta tresnak jarriko ditugu herritarren eskura; bizigarriak diren auzoak bultzatuko ditugu, bai irisgarritasun bai ekipamendu aldetik; herri osasuntsua eta mugitzen dena sustatuko dugu; etorri berriei harrera egingo diegu. Kultura sustatu eta sortzaileei lagunduko diegu; Industriari ez ezik, lehen zein hirugarren sektoreei ere erreparatuko diegu. Ingurumena zainduko dugu, energia eredu irakunkor eta burujabe baterako aurrepausuak emanez.
Berriz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Lau urte hauetan udala ongi ezagutu dugu, herriaren eta herritarren beharren inguruko ikuspegi zehatza landu dugu. Amaitzear dagoen legegintzaldian Legazpin gauzatu beharreko proiektu zehatzak landu ditugu, eta horiek gauzatu ahal izateko ilusioarekin, eta orain dela lau urte baino esperientzia gehiagorekin aurkezten naiz alkatetzara.
1. Edurne Gonzalez Elorza
2. Ibon Altzelai Ugarte.
3. Maria Sarasola Azarola.
4. Ion Jauregi Zabaleta.
5. Igor Romaratezabala Ortiz.
6. Eneko Iriondo Eguren.
7. Zaida Casales Velasco.
8. Nekane Iñurritegi Leon.
9. Jesus Martinez Sanchez-Dehesa.
10. Maialen Urbegain Garate.
11. Francisco Caballero Hurtado.
12. Maria Asuncion Ugarte Sagastizabal.
13. Elisabete Insausti Iriondo.
Ordezkoak:
1. Eñaut Auzmendi Iturbe.
2. Itxaso Olabide Otaegi.
3. Estibalitz Carrera Lazkano.