Goierrin ere bada Museoen Nazioarteko Eguna
Eskualdeko museoetan hainbat ekitaldi eta bisita ari dira egiten gaur, eta iganderako ere prestatu dituzte jarduera gehiago.
Urtero bezala, maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Egunak oihartzuna du Goierrin ere. Gaur hainbat ekitaldi eta bisita egiten ari dira eskualdeko museoetan, eta astebururako ere antolatu dituzte jarduera gehiago.
Besteak beste, Urretxuko Urrelur da museoen eguna ospatzen ari dena. Goizean La Salle-Legazpi ikastetxeko LH2ko ikasleen bisita jaso dute. Haurrek mineral eta fosilen mundua gertutik ezagutu dute eta, opari modura, mineral aletxoa eraman dute etxera. Arratsaldean zientzia tailerrak egingo dituzte.
Bestalde, Ormaiztegiko Zumalakarregik, Ezkioko Igartubeitik eta Legazpiko Euskal Burdinaren Museoak eta Mirandaola burdinolak iganderako egin dituzte proposamenak.
Zumalakarregin, Bide Berdetik
Gaurko bisita gidatuez gain, Zumalakarregi museoak helduentzako Bide berdetik mahaira jarduera prestatu du iganderako. Ibilbide gidatua eta tailer gastronomikoa dira, eta Clara Gutierrez biologoak eta etnobotanikoak dinamizatuko ditu. Mutiloa-Ormaiztegi bide berdearen ibilbidean, landare eta lore egokienak identifikatu eta bilduko dituzte, gero Mutiloako elkartean tailer gastronomikoa egiteko eta prestatutakoa dastatzeko.
Jarduera honen prezioa 3 euro da, eta izena eman behar da aurretik: mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat bidalita, edo 943 88 99 00 eta 659 434 566 telefono zenbakietako batera deituta
Igartubeitin, ukendua
Igartubeiti ere ari da museoen eguna ospatzen. Gaur bisita gidatuak eskaintzen ari da, eta iganderako Landareen sekretuak izeneko jarduera antolatu du. Helduei zuzenduta dago eta 11:00etan hasiko da. Parte hartzeko izena eman behar da: igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 943 72 29 78 zenbakira deituta. Prezioa 5 euro da.
Partaideek paseo bat egingo dute baserriaren inguruan, eta sendabelarrak identifikatu eta bilduko dituzte, gero ukendu bat prestatzeko. Jarduerari amaiera emateko, infusio bat eta bizkotxo bat dastatuko dituzte.
Legazpin, ihes gela
Lenbur Fundazioak ere Legazpira gerturatu nahi izan du museoen egunaren ospakizuna, eta hainbat jarduera antolatu ditu. Gaur ateak ireki dizkie bisitariei Euskal Burdinaren Museoan, eta igandean, museo horretan bertan ihes gelaren esperientzia probatzeko eta Mirandaola burdinola martxan ikusteko aukera eskainiko du, guztia 10 euroko prezioan. Prezioaren barruan ola-pintxoa ere sartuko da.
Bi txanda izango dira, lehena 11:00etan euskaraz, eta bigarrena 12:00etan gazteleraz. Plaza mugatuak dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da, mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidalita edo telefonoz 943 73 04 28 zenbakira deituta.