Legazpiko EH Bilduk hauteskunde programa aurkeztu die herritarrei
"Herritarren bizitzak hobetzeko herri programa" da, azken lau urteetan jasotakotik jositakoa.
Legazpiko EH Bilduk ehundu duen “herritarren bizitzak hobetzeko herri programa” aurkeztu zuen atzo arratsaldean Kultur Etxean egindako ekitaldi batean. Edurne Gonzalez alkategaia buru duen hautagaitzak “lau urte hauetan jasotakotik” josi duten programa aletu zien bertaratu ziren herritarrei: auzotar, kolektibo eta eragile ezberdinekin egindako bileretan ateratakoa, proiektu berritzaileak ezagutzeko beste herrietara egindako bisitek emandakoa, eta urtarrilean jakintza arlo, adin eta bizi esperientzia ezberdinetako jendearekin egindako hausnarketa saioak izan dituzte kontuan.
“Arnas luzeko programa bat” landu dutela azaldu zuten aurkezpenean, “etorkizuneko Legazpi irudikatu nahirik”. EH Bilduren helburu nagusia “herritar guztien ongizatea” da, eta horretarako komunitateak eratu behar direla nabarmendu zuten, “denontzako bizitza duinak bermatzeko, herri bizitza sustatuko duen herri kohesioa sortzeko eta ingurune bizigarri bat eraikitzeko”. Gizarte gero eta feministago bat eraikitzeko lanean jardungo dutela eta euskara berriz ere udaleko lan hizkuntza izango dela ere adierazi zuten.
Hori lortzeko hamaika proiektu zehatz aurkeztu dituzte, zazpi Legazpin garatzekoak eta lau eskualde mailakoak. Zaintza, Ezkurrenea, auzoak, jarduera fisikoa eta osasuna, landa eremua, kanpotarrei harrera, jai eredu berria, industria, komunitate energetikoa eta euskara dira proiektu horietan jorratutako gaietako batzuk.
EH Bilduren programa
ELKAR ZAINTZEN DUEN HERRIA
EH Bilduk Legazpi Herri Zaintzailea izatea nahi du, elkar zaintzen duen herria. Oinarrian pertsona ardatz duen arreta eredua sustatuko dugu, horren bueltan eraiki beharreko zaintza ekosistema definitu, eta udaletxeko antolaketan behar diren aldaketak egin. Zaintzaren mahaia sortuko dugu herritarrekin, gaian adituak direnekin, zaintzako profesionalekin eta erabiltzaileekin, zaintza ereduaren inguruko hausnarketa egiteko. Zaintza sare publiko komunitarioa eraikitzea da guru helburuetako bat.
Proiektu garrantzitsu bat dugu eskuartean, Ezkurrenea. Belaunaldien arteko zein izaera komunitarioko espazio bat izan behar du. Berebiziko garrantzia du espazio honen definizioa herritar eta eragileekin egitea. Orain arte edukiontziari bakarrik eman zaio garrantzia, edukia alde batera utziz. Horrelako proiektu baten arrakasta inplikatutako kolektiboen eta eragileen parte hartzean dago. Bi kolektibo zehatzi zuzendutako proiektua da: emantzipatu nahian ari diren gazteak eta bakardadeari ihes egin eta konpainian bizi nahi duten pertsona helduak. Ezkurrenak elkarbizitzarako espazio berritzaileak eskaini behar ditu, bizi eredu komunitarioa sustatzeko, eta, halaber, bi kolektiboak elkar aberastu eta elkar zaintzeko espazioa izateko.
BIZIGARRIAK DIREN AUZOAK
Irisgarritasun planaren garapenarekin jarraituko dugu: Bikuña, Itxaropen, Arantzazu, Hegialde eta Aizkorri kaleei dagozkien interbentzio integralak egin, eta gainerakoetan sortzen diren beharrei erantzun. Era berean, auzotarrentzako topalekuak sustatu, zerbitzuak auzoetara eraman ahal izateko: denda txikiak edo ludoteka esaterako. Berdeguneak zabaldu eta espazio publiko atseginagoak sortu, herriko ondarea balioan jarriz: Lartxartegiko parkearen birmoldaketa, Olaberriko burdinola eta Mirandaola edo Urtatza zaharreko aisialdi guneak.
MUGITZEN DEN HERRIA
Herritar bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokitutako bizi ohitura aktibo eta osasuntsuak sustatzeko zerbitzua martxan jarriko dugu. Jarduera fisikoaren gaineko plan estrategikoa egin, kirol ekipamenduen berrikuspena, azterketa eta egokitzapena egiteko. Bidegorri sarea handitu eta sustatuko dugu. Eskola kirolari buruzko hausnarketa sustatuko dugu, guraso, ikasle, ikastetxe eta hornitzaileekin batera. Osasunaren mahaia sortuko dugu, Osakidetza, hezkuntza, kirol elkarte eta herritarrekin elkarlana bultzatzeko.
NATURAREKIN HARREMANA DUEN HERRIA
Landa eremuari dagokion plan propioa egingo dugu. Hori babesteaz gainera, lehen sektorearen garapena bermatu nahi badugu eta elikadura subiranotasunean aurrera egin, ezinbestekoa zaigu lehen sektoreko ustiaketa ahalbidetzea, ezagutaraztea eta merkaturatzeko bideak zabaltzea.
HARRERA HERRIA
Pertsona eta familia etorri berrientzat harrera plana diseinatu eta herriko eragileekin elkarlanean harrera bulegoa sortuko dugu, Legazpira datozen pertsonei herrian txertatzeko bideak errazteko. Aniztasun mahaia ere sortuko dugu.
GOZATZEN DUGUN HERRIA
Jai eredu berri baten lanketa. Nerabeen aisialdi ereduaren eta ekipamendu beharren inguruko hausnarketa. Kultur espazio zabal bat sortu: taldeen plaza, elkarlana eta aisia lantzen dituena; euskararen gune, sortzaile berrientzako lantoki eta erakusleiho izango dena.
ERAKARTZEN DUEN HERRIA
Turismoa jarduera ekonomiko gisa sustatuko dugu, ditugun baliabideen kudeaketa on bat eginez. Turismo eredu iraunkor eta aktibo baten alde egingo dugu, Brinkola Aizkorri Aratz parkerako sarrera gisa sustatuz. Legazpitik abiatzen diren mendi ibilaldiak eta BTT ibilaldiak sortuko ditugu.
Koalizioko kideek nabarmendu nahi izan dute herrien arteko elkarlanaren garrantzia, Urretxu eta Zumarragarekin, baita Goierriko gainontzeko herriekin ere. Herri programa honetan Urretxu eta Zumarragarekin aurrera eramateko hiru proiektu aurkezten ditugu:
EREMU INDUSTRIALEN BERRAKTIBAZIOA ETA TOKIKOARI BULTZADA
Sidenor, Arcelor, Kaminpe eta Irimo eremuen berraktibazioaz azpiegitura industrial iraunkorrak sortuko ditugu. Horrela, kalitatezko behar beste azpiegitura izateko eta oinarri teknologikoa duten enpresa ekimenak ezartzeko, eta kalitatezko lanpostuak sortzeko. Era berean, eskualdeko enpresen I+Gko finantziazioa handitzeko bulego eta aholkularitza tekniko espezifikoa sortuko dugu.
Bestetik, ekoizle, merkatari eta ostalariei bideratutako online platafoma bat martxan jarriko dugu. Ekonomia soziala eta kooperatibismoa eskualdean bultzatzeko 2022an abiatutako UG KOOP ekimenari jarraipena emango diogu
KOMUNITATE ENERGETIKOEN SORKUNTZA ETA HEDAPENA
Energia eredu iraunkor eta burujabe baterako bidean aurrerapausoak eman behar ditugu eta beste eredu energetiko bat sustatu behar dugu, herritar, enpresa eta komunitatearekin elkarlanean. Autokontsumoa oinarri duten ereduak sustatzea lagunduko dugu eta eskualdean komunitate energetikoak sortuko ditugu. Komunitate energetikoak komunitatea indartzeko eta trantsizioa energetikoan inplikatzeko subjektu aktiboa izango da eskualdean. Baita ere, energia demokratizatzeko eta herritarrak beren energiaren erabakitzaile eta arduradun egiteko.
EUSKARAZKO HEDABIDE MULTIMENDIA
Euskara ardatz izango duen egitasmo komunikatibo multimedia bat bultzatuko dugu eskualdean, Goierriko beste proiektuekin elkarlanean, sinergiak aprobetxatuz eta baliabideak optimizatuz. Euskaratik eta euskaraz lan egingo duen proiektu komunikatibo bat.
EH Bildun proiektuei bezain besteko garrantzia ematen diogu nolakotasunari: herritar eta eragileekin lankidetzan jarduteko espazioak sortuko ditugu, horiekin sareak eraiki edo indartuz. Baldintzak sortuko ditugu herritarren proposamenei, ekimenei eta ekarpenei bidea emateko: ezberdinekin lan egin, herritar guztiekin lan egin, eta batzen gaituzten elementuak bilatu. Azken finean, erabakiak herritarrekin partekatu, eta haien bizitzak etengabe elkarrekin hobetzeko proiektuak landu nahi ditugu.