Loinatz jaietan ere euskaraz
Beasaingo Aittu euskara elkarteko gazteek festetan ere euskaraz egiteko kanpaina egingo dute. Herriko txosnan zapiak eta kamisetak egongo dira salgai. Aitturen kalkamoniak ere banatuko dituzte gazteen arteko hizkuntza ohituretan eragiteko.
Aittu euskara taldeko gazteek herriko jaietan ere euskaraz aritzeko deia eginez, kanpaina berezia egingo dute. Batetik, zapiak eta kamisetak jarri dituzte salgai herriko txosnan. Eta bestetik, kalkamoniak banatuko dituzte. Asier Saez eta Garazi Arozena Aittuko kideek adierazi dutenez, hizkuntza ohituretan eragin nahi dute kalkamoniarekin. Festetan sortzen diren harreman berriak euskaraz sor daitezen, alegia. Euskaraldian txapak betetzen duen funtzio beteko du nolabait kalkamoniak jarrita.