Oscar Rodriguez da Legazpiko organo zikloko bigarren organo jotzailea
Igandean egingo du kontzertua parrokian, 19:00etan. Zikloaren hirugarren eta azken kontzertua hilaren 28an izango da, eta Matias Sagresarek joko du orduan.
Oscar Rodriguez Pastora organo jotzailea (Kantabria, 1999) izango da Legazpiko Organo Zikloaren bigarren gonbidatua, eta kontzertua egingo du parrokian igandean, hilak 21, 19:00etan. Zikloan joan den astean hasi zen, Xabier Urtasun organo jotzailearen kontzertuarekin, eta hurrengo igandean, hilak 28, amaituko da. Orduan, Matias Segresarek joko du.
Santanderko Jesus de Monasterio Kontserbatorioan klarinete eta organoa ikasi ondoren, Kantabriako Gobernuko Hezkuntza Sailak emandako aparteko saria jaso du Konposizioa eta Organoan Rodriguezek. Duela gutxi, organoaren goi-mailako ikasketak amaitu ditu Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian, Esteban Landart, Karol Mossakowski, Loreto Fdez. Imaz, Monica Melcova y Loïc Mallie irakasleekin. Gaur egun, Orkestra eta Koru Zuzendaritza espezialitatea egiten ari da Musikenen bertan, Arturo Tamayo eta Basilio Astulez irakasleekin.
Joan den denboraldian, inprobisazio-errezitaldi bat eskaini zuen Parisko Notre Dame katedraleko organista den Philippe Lefebvrerekin batera, Frantziako Lyon hirian, eta lehen saria lortu zuen Burgosen egin zen Francisco Salinas Organoaren IV. Lehiaketa Nazionalean.
Azken hilabeteotan, bestalde, Ikasleen Orkestra Barrokoa edo OBA jarri du martxan, Musikeneko ikasleen artean historikoki informatutako interpretazioa zabaltzeko. Nabarmentzekoak dira, gainera, Johann Sebastian Bachen eta Jean Philippe Rameauren musikarekin egindako proiektu batzuk. Aldi berean, Vocalia Taldea, Conductus Ensemble, Easo abesbatza, Donostiako Orfeoia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edo Bilbao Orkestra Sinfonikoa bezalako talde garrantzitsuekin lankidetzan aritzen da, Espainian eta Frantzian kontzertuak eskainiz.
EGITARAUA:
JOHANN SEBASTIAN BACH (1685-1750)
Präludium Es-dur BWV 552-1
OSCAR RODRIGUEZ PASTORA (1999). Suite française improvisEe
I. Plein jeu
II. Duo
III. Recit de flûte
IV. Basse de trompette
V. Dialogue sur les grand jeux et point d’orgue
FELIX MENDELSSOHN (1809-1847)
Orgelsonate Nr. 3 op. 65/3
I. Con moto maestoso
II. Andante cantabile
CESAR FRANCK (1822-1890)
Choral 1 en Mi majeur
-RICHARD WAGNER (1813-1883)
Vorspiel zu Tristan und Isolde