Abiatu da Legazpiko futbol festarik handiena
Igande goizean hasi dira Futbol-7 txapelketa herrikoiko kanporaketak. Aurten 33 talde ari dira lehian. Uztailaren 1ean izango da finala.
Martxan da dagoeneko Legazpiko Futbol-Zazpi txapelketa herrikoiaren 15. edizioa da. Ilintxaren talde federatuek denboraldia amaitu eta Irene Paredes kirol guneko zelaia libre utzi bezain pronto, hasi dira Legazpiko Gazteak kirol elkarteak antolatutako txapelketa honen kanporaketak. Atzo jokatu zituzten lehen partidak.
Aurten 33 taldek eman dute izena, 16 urtetik gorako 400dik gora futbolariz osatutakoak, neskak eta mutilak. Futbol taldeak zortzi multzotan banatu dituzte, bosteko bat kenduta, guztiak laukoak. Multzoen barruan, hiru partida jokatuko ditu talde bakoitzak, eta lehen fase horretan puntu gehien lortzen dituzten biak igaroko dira hurrengora. Lehen jardunaldia amaituta, beste bi dituzte ondoren datozen bi asteburuetan, eta ekainaren 1oean final zortzirenekin hasiko dira. Ekainaren 17an final laurdenen txanda izango da, eta ekainaren 24an, final erdienak.
Final handia uztailaren 1eko goizean jokatu da, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidaren ondoren. Amaieran, azken urteetan bezala, bazkaria egingo dute partaide guztiek, Azokan. Futbol zelaian bezala, ez da girorik faltako, sariak banatu ondoren bazkalondoa eta arratsaldea alaitzeko musikaren laguntza izango dutelako.