Giro bikainarekin ospatu dute Legazpiko lehen Klarinete Alardea
Doinua Musika Eskolak antolatuta, Gipuzkoa, Araba eta eta Nafarroako 20 eskoletako 200 ikasle elkartu ziren atzo eguerdian kalejira eta kontzertua egiteko.
Klarinete doinuek hartu zuten atzo eguerdian Legazpiko erdigunea, Doinua Musika Eskolak antolatutako Legazpiko lehen Klarinete Alardean. Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako 21 musika eskolatako 200 klarinete jotzaile batu ziren festara. Kalejira eta kontzertua egin zituzten musikariek.
Andoaingo, Arrasateko, Soraluzeko Hondarribiko, Elgoibarko, Azpeitiko, Oñatiko, Aretxabaletako, Errenteriako, Zumaiako, Hernaniko, Ordiziako, Urnietako, Zumarragako, Urretxuko, Donostiako, Arabako Araiako eta Aguraingo eta Nafarroako Irurtzungo musika eskoletako ikasleek parte hartu zuten alardean, Legazpiko Doinuako klarinete ikasleekin batera.
Musikariak 10:00etan elkartu ziren Azokan entsegu orokorra egiteko, eta hamaiketakoaren ondoren, kalejiran atera ziren Nafarroa kalera eta Kale Nagusira. Azokara itzuli eta zortzi piezaz osatutako kontzertua eman zuten gero guztiek batera, Jesus Castillejo Legazpiko irakasleak zuzenduta. Kontzertua amaitu aurretik, Legazpiko Udalak oroigarri bana entregatu zion musika eskola bakoitzari, Eric Galvez alkateordearen eta Maite Lonbide Hezkuntza zinegotziaren eskutik.