Legazpiko Katta-Gorri elkarteak 75. urteurrena ospatu du
Larunbata aukeratu zuten ospakizunerako. Bazkideen arteko bazkaria izan zen ekitaldi nagusia. Beste 75 urte betetzeko prest daude.
Legazpiko elkarte zaharrenetakoa den Katta-Gorrik 75 urte bete zituen larunbatean, hilak 20, eta egunean bertan egin zuten ospakizuna. Bazkideen arteko bazkaria izan zen ekitaldi nagusia, goizerako prestatuta zuten ehiza txapelketa eguraldiagatik bertan behera utzi eta gero.
Larunbateko festa trikitilariez lagundutako poteoarekin hasi zen, eta bazkarian 25 lagun elkartu ziren, guztiak okasiorako ateratako kamiseta laranjaz jantzita; laranja omen da elkarteak bultzatzen duen ehizaren kolore ikurra. Falta ziren bazkideak, eta bereziki aurten duela gutxi hil diren Andoni Zabaleta eta Joaquin Makibar gogoratzeko tartea hartu zuten bazkalondoan, eta bazkide berriak erakartzeko lan egiten jarraituko dutela agindu zuten, “elkarteak beste 75 urte bete ditzan”.
Ehiza eta arrantza
Katta-Gorri elkartea 1948ko maiatzaren 20an sortu zuten ehiza gustuko zuten lagun batzuek. Hasieran ez zuen egoitza propiorik izan, eta lehen urteak Ilintxa elkartearekin partekatu zuen Santikutz kalean horrek zuen lokalean (gaurko Mimaru lora dendaren gainean).
Jose Etxeberria izan zen Katta-Gorriren lehen presidentea, eta harekin batera, Hilario Izarra, Felix Etxeberria ‘Turbina’, Andres Guridi ‘Ttorre’, Julian Ojanguren, Juanito Etxeberria, Juanito Murua, Gaudencio Perez eta Felix Elorza ziren bazkide sortzaileak.
Kirol izaera izan zuen hasieran, eta helburua ehizarekin eta gero arrantzarekin lotutako jarduerak antolatzea zen. 1950ean lokala erosi zuten Ilintxanetik gertu, eta bertan ezarri zuten egoitza, gaur egunera arte iraun duena. Lokal berria urte hartako maiatzaren 2an inauguratu zuten, eta ordutik gainerako elkarte gastronomikoek bezala funtzionatu du, orain dela gutxira arte kontserjea izan badu ere.
Elkartearen lehen urteetan, bazkide izateko ehiztaria izan behar zen, eta hala egiaztatu lizentziarekin. Aurrerago, arrantza ere sartu zen sustatu beharreko jarduera gisa, eta hori praktikatzen zutenek ere bazuten bazkide izateko aukera.
Gaur ez dira baldintza bat ez bestea bete behar Katta-Gorriko bazkide izateko. Baina elkarteak jarraitzen du ehiza eta arrantza bultzatzen, batez ere ehiza.