Asisko Urmenetak 'Amaiur Libera State' komikia aurkeztuko du gaur Legazpin
Kultur Etxean izango da aurkezpena, 19:00etan. Ilustrazioz lagunduta, duela 500 urte Amaiurren gertatutakoa azalduko du Urmenetak.
Amaiur Libera State komiki albuma aurkeztuko du gaur 19:00etan Asisko Urmenetak, Legazpiko Kultur Etxean. Amaiurren duela 500 urte gertatutakoak azalduko ditu Urmenetak hitzaldian, ilustrazioez lagunduta.
“Orain dela 500 urte ehun nafartar librek gogor egin diote sei mila gizoneko armada inperialaren oldarraldiari aste oso batez… Album honetan, aztertu ditugu konkista-gerla haren kronologia eta okupazioaren makineria 1512tik 1522ra bitarte, bai eta inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere, izen eta deiturekin: Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao, Johanikot Arberoa… Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa”.
Komiki mutua, hitzik gabekoa da Amaiur Libera State, Gure Berriak argitaletxeak iazko azaroan kaleratutakoa. Korsikako Ajaccioko Nazioarteko azken komiki jaialdian Historia saria jasoa da liburua.