Hotz Legazpiren aldeko elkartasun lasterketa egingo du Haztegi ikastolak ostegunean
Aurtengo festari '500km 11 kolore' izena jarri diote. Euskal Herria plazatik 14:45ean abiatuta, bi ibilbide izango dituzte ikasleek.
Elkartasuna lantzeko duela urte batzuk ekindako bideari jarraipena emanez, Haztegi ikastolak lasterketa berezi bat antolatu du etzirako, hilak 25. Elkartasun lasterketa horrek 500km 11 kolore izena du, eta “guztion artean zifra borobil hori lortzea izango da asmoa, jai giro koloretsu eta alaian”.
Ikasleek korrika eginez adieraziko dute ekimenaren alde duten konpromisoa eta ahalegina. Lasterketaren aurreko hiru egunetan, geletan jarrita dauden elkartasun kaxetan borondatezko diru ekarpena egiteko aukera izango dute ikasleek. Bildutako dirua errefuxiatuen alde lan egiten duen Hotz Legazpi elkartearentzako izango da. “Elkartasunari balioa eman nahi diogu eta ikasleen artean zabaldu beharrekoa dela iruditzen zaigu”, diote antolatzaileek, eta horregatik lasterketa baino lehen, sentsibilizazio saio bat ere eskainiko diete ikasleei, lasterketaren asmoak eta Hotz Legazpiren helburuak gertuagotik ezagutzeko.
Osteguneko lasterketa 14:45ean hasiko da, Euskal Herria plazan. Korrikalariek bi zirkuitu izango dituzte, bata HHko ikasleentzako moldatutakoa eta, bestea, luzeagoa, LH eta DBHkoentzako aproposagoa. HHkoek udaletxeari birak emango dizkiete eta LH eta DBHkoek, berriz, 700 metroko ibilbidea osatu beharko dute, aurreko ibilbideari Kale Nagusia gehituz. Ikasleek zikloka egingo dute korrika, 10-15 minutuko txandatan.
Haztegi ikastolak ikasleen gurasoak eta etxekoak ere gonbidatu dituzte lasterketan parte hartzera.