San Joan bezperako erromeriarako dantza entseguak hasiko dira gaur
Sustraiak taldeak gidatuko ditu, astearte iluntzetan, dantza lokalean. Arma alarderako izen-ematea ostiralera arte luzatu dute.
Gaur hasiko dira Legazpin San Joan bezperako suaren erromeria prestatzeko dantza entseguak. Sustraiak dantza taldeko kideek gidatuko dituzte, eta astearteetan 20:15ean izango dira, dantzarien lokalean.
San Joan bezperan Euskal Herria plazan egiten den suaren inguruan ospatzen da erromeria, eta urtero Sustraiak taldeak ikastaroa antolatzen du bertan dantzatuko diren dantzak erakusteko, San Joan zortzikoa eta Bedaio dantzak. Horiez gain, beste dantza hauek ere erakutsiko dira: Zazpi jauzi, Txulalai, Fandango eta Arin Arin.
Ikastaroa doakoa da, eta erromerian dantzatu nahi duten haur, gazte eta adineko guztientzat dago irekita.
Arma alarderako izen-ematea
Udalak ostiralera arte, hilak 26, luzatu du aurtengo San Joan bezperako alardean parte hartzeko izen-ematea. 16 urtetik gorako eskopetariak eta 12 urtetik gorako txilibiteroak eta figuranteak edo laguntzaileak (abanderatuak edo kartutxo banatzaileak) behar dira, Kultur Etxeko sarreran eman behar da izena, hilaren 22ra arte, edo www.legazpi.eus webgunean
Eskopetero gisa irteteko bi aukera daude. Arma lizentziarik ez dutenentzat, balarik gabeko edo fogeoezko eskopetak izango dira, udalarenak, eta arma lizentzia dutenak norbere eskopetarekin aterako dira. Azken horiek, dagokien dokumentazioa aurkeztu beharko dute izena ematean.