Haztegi ikastolak 1.672,09 euro bildu ditu elkartasun lasterketarekin
Hotz Legazpiri emango diote dirua, errefuxiatuen alde lan egiten jarraitu dezan.
Hotz Legazpi elkarteari emateko 1.672,09 euro bildu ditu Haztegi ikastolak atzo arratsaldean egindako lasterketa solidarioarekin. Elkartasuna lantzeko duela urte batzuk abiatu zuen bideari jarraipena eman zion festa horrekin ikastolak. Aurtengoak 500km 11 kolore izena zuen.
Bi zirkuitutan banatutako lasterketa Euskal Herria plazatik abiatu zen. Ikasle txikienek bira eman zioten udaletxeari, eta handiagoek 700 metroko ibilbidea osatu zuten, Kale Nagusitik igarota.
Korrika eginda soilik ez, ikasleek beste modu batera ere adierazi ahal izan dute ekimenaren alde duten konpromisoa eta ahalegina, eta borondatezko diru ekarpena egin dute aurreko egunetan, 1.672,09 euroko kopurura iritsiz. Hotz Legazpiri emango diote diru hori, errefuxiatuen alde lan egiten jarraitu dezan.