Herriak dauka lehenengo hitza
Igandeko udal eta foru hauteskundeetan 51.331 goierritarrek dute boto eskubidea. 66 zerrendatan 811 hautagai daude. Emakumeak %48 dira, baina alkategai %35
Goierriko 22 udalbatzak osatzeko hauteskunde eguna iritsi da. Igandean, 09:00etatik 20:00etara, eskualdeko 51.331 herritarrek izango dute bakoitzaren herriko zinegotziak aukeratzeko eskubidea; duela lau urte baino 909 gutxiago dira.
Bost hautetsiko korporazioetatik (Altzaga, Arama eta Gaintza) bailaran gehienekoak diren 17koetara (Beasain eta Ordizia), guztira 208 zinegotzi hautatuko dituzte herritarrek. Batez beste, 247 botoemaileko zinegotzi bat.
Udalek prest dauzkate bozkalekuak. 1979tik hamabigarren aldiz, udalerako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeak direnez, bina hautetsontzi egongo dira mahai bakoitzean.
Udal bozetan barrutia udalerriak osatzen du; 22 hautesbarruti izango dira, beraz. 43 hauteslekutan –udaletxe, eskola, liburutegi, gazteleku, kiroldegi…– 89 mahai eratuko dituzte, eta 267 herritar arduratuko dira ofizialki haiek gobernatzeaz. Beasainen, beste behin, festen errepikapen igandearekin bat etorriko da bozkatzera joateko eguna.
Zortzi herritan berriak
Gora-beherarik ez da izango ez zinegotzi kopuruan, ezta udalbatza bakoitza osatuko duen aulki kopuruan ere. Orain lau urteko egoera bera dute herriek.
Oro har, abstentzio handiaren mamua aireratu dute zenbait soziologok. 2019ko udal hauteskundeetan %30ekoa izan zen eskualdean. Hain zuzen, Goierrin suertatu ziren parte-hartzearen aurkia eta ifrentzua: EAEko partaidetza altueneko bigarren herria Zerain izan zen, eta hautesleen %95,19k eman zuen botoa. Baxuena, berriz, Ezkio-Itsason, %57,33 –Itsason kudeaketa batzordearen formula zegoen indarrean–.
Udal berriak ekainaren 17an osatuko badira ere, zenbait baieztapen ziur egin litezke dagoeneko. Alkate berria izango dute Goierriko zortzi udalerrik, gutxienez, orain dagoena ez delako aurkeztu edo zerrendaburu ez doalako. Arama, Gabiria, Legazpi, Zegama, Zerain, Gaintza, Legorreta eta Zaldibia dira.
Orain arteko udalburu gehienek, ordea, berriro ere agintean jarraitu nahi dute: 22 alkateetatik hamalau aurkeztu dira berraukeraketara.
Aldarrikatutako 66 hautagai-zerrendetatik, hiru lehenengo aldiz egongo dira: Altzagaren Aldeko Taldea, Izalberri eta Zerain Burujabe. Bost hautesle talde desagertu dira, bestetik, 2019tik: Altzaga Denok Elkarrekin, Altzagako Artea Taldea, Aramako Herritarrak, Izal Bai eta Zeraingo Herri Kandidatura.
Emakumeak hautagai
Gipuzkoako joera orokorrak kontraesanak adierazten ditu, udal bozak izan ala batzarretarakoak izan. Udal hautagaitzetan doazen emakumeen portzentaiak behera egin du, 2019tik: %35,3 izatetik –gehiengo historikoa–, aurtengo %33,8ra jaitsi da. Foru hauteskundeetan, berriz, hautagai emakumezkoen ehunekoa igo egin da: %46 dira.
Goierrin, zerrendan ageri diren 811 izenetatik 389 dira emakumeak (%47,96). Alkategai postuan, ordea, asko murrizten da presentzia: 66 zerrendetatik 43tan gizonezkoa da buru, eta 23tan emakumezkoa (%34,8).
Desberdintasunak nabarmenagoak dira herriak banaka aztertuta. Alkategai guztiak gizonezkoak dira zazpi herritan (Ezkio-Itsaso, Zerain, Mutiloa eta Arama –zerrenda bakarra–, Idiazabal, Lazkao eta Olaberrian. Zazpi herritan, alkategai gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira kopuruz (Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Ataun,
Beasain, Itsasondo eta Zaldibia).
Alkategai emakumezkoak gehiago dira Ormaiztegin, Seguran, Zegaman, Legorretan eta Ordizian (bost herri), eta kopuru berean Altzagan eta Gabirian.
Jenero ikuspegitik, keinuak izan dira: EAJk Legorretan titularren zerrenda osoa emakumeekin osatu du, eta EH Bilduren Ataungo ordezko guztiak –zortzi jarri ditu– emakumeak dira.
Igandeko deialdi bikoitzaren ondoren, hurrengo urtebetean beste hiru hauteskunde egingo dira: Espainiako Gorteetarako udazkenean, Europako Parlamenturako 2024ko maiatzean, eta Eusko Legebiltzarrerako 2024ko uztailean.
Udal eta foru hauteskundeetan botoa emateko eskubidea 51.331 goierritarrek izango dute igandean, apirilaren 1ean eguneratutako erroldaren arabera.
89 mahai. Eskualde osoan 89 hautesmahai eratuko dituzte, igande goizean. 43 hautesleku izendatu ditu Hauteskunde Erroldako Bulegoaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak. Beasainen 14 mahai, Legazpin eta Zumarragan 12na, Ordizian 10, eta Urretxun 9 egongo dira.