Abstentzioa 8 puntu igo da Goierrin 2019ko udal hauteskundeetatik
Bailarako emaitza orokorretan, EH Bilduk lortu ditu zinegotzi gehien, 86. Talde independenteek 56, EAJk 48, PSE-EE 14 eta Elkarrekin-Podemos-Equo sailekoek 4 atera dituzte. Goierriko emaitzen taula osoa albiste barruan.
Goierriko 52.712 goierritarrek zuten gaurko udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea, eta 32.846 lagun joan dira eskualdeko hauteslekuetara. %37,68ko abstentzioa utzi dute udal bozek, 2019an baino 8,5 puntu handiagoa (%29,23), eta 2015eko (%32,54) eta 2011ko (%32,76) datuetatik ere nabarmen gorago.
Alderdika, EH Bilduren hautagaitzek lortu dute boto gehien, bailara osoa kontuan hartuta: 13.130 boto. Koalizioa aurkeztu den 16 udalerrietan, denera 86 zinegotzi atera ditu.
Ondoren, bototan EAJ izan da alderdi bozkatuena, 9.838 botorekin. 48 zinegotzi lortu ditu, hautagaitzak eratu dituen 11 herrietan. Ondoren, PSE-EE 4.570 botorekin eta 14 zinegotzirekin, Elkarrekin-Podemos eta Equo Berdeak 1.509 botorekin eta lau zinegotzirekin, eta PP 304 botorekin (zinegotzi bakar bat ez du lortu) geratu dira.
Herrietako hautesle talde independenteek (11 herritan zeuden, bakoitzean bana), 2.367 boto batu dituzte, eta denera 56 zinegotzi eman dizkiete (bigarren segmentua eserleku kopuruan).