EH Bildu izan da lehen indarra Goierrin
Botoetan zein hautetsi kopuruan nagusitu da. Ordizian eta Legazpin nagusitu da herri hazienen kasuan, baita Zegaman ere, besteak beste. EAJk bi mila boto gehiago galdu ditu udal hauteskundeetan 2019arekin alderatuz. Beasainen, Lazkaon eta Urretxun izan dira irabazle jeltzaleak. PSE-EEk gehiengoa galdu du Zumarragan. Abstentzioa nabarmen igo da.
EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena Goierrin 2023ko udal hauteskundeetan. Koalizioa abertzaleak 2019an baino 300 boto gutxiago jaso ditu (13.130, 13.411 2019an). Ordizian alderdirik bozkatuena izatea lortu du berriz, eta Legazpin aurre hartu dio EAJri. Zegaman izan da ezustekoa, Zegama Lantzeni nabarmen hartu baitio aurre EH Bilduk. Idiazabalen eta Ataunen ere orain lau urteko emaitzak hobetu ditu, eta nagusi izan da berriz ere Zaldibian, Seguran, Legorretan, Itsasondon eta Zerainen.
EAJ izan da bigarren indarra. Orain lau urteko udal hauteskundeekin alderatuta, 2.500 boto baino gehiago galdu ditu, baina hiru udalerri hazitan nagusitu da berriz ere –Beasainen, Lazkaon eta Urretxun–, eta hiruretan lortuko du alkatetza.
PSE-EEk ere duela lau urte baino ia mila boto pasa gutxiago lortu ditu. Zumarragan lehen indarra izaten jarraitzen du, baina gehiengo osoa galduta, eta ikusteko dago zer gertatuko den inbestidura saioan. Beasainen eta Urretxun bi zinegotziei eustea lortu du, eta Ordizian eta Legazpin batetik bira pasa da. Lazkaon ez du zizeilurik lortu.
Elkarrekin-Podemos izan da Goierriko laugarren indarrik bozkatuena. 146 boto gehiago jaso ditu, baina Zumarragan zuen hautetsia galdu du. Ordizian biei eustea lortu du, eta Beasainen ere ordezkari bat lortu du aurkeztu den lehen urtean.
Abstentzioa ere nabarmen igo da, herri batean baino gehiagotan %40a gaindituz.
Ordizia, Legazpi eta Zumarraga
Ordizian, Legazpin eta Zumarragan ikusteko zer gertatuko den ekainaren 17ko inbestidura saioan.
Ordizian 7 zinegotzi lortu ditu EH Bilduk (=), EAJk 6 (-1), PSE-EEk 2 (+1) eta Ordizia Orainek 2 (=). Duela lau urte Ordizia Orainek Adur Ezenarro EH Bilduren alkategaia babestu zuen inbestidura saioan.
Legazpin bosna zinegotzi lortu dituzte EH Bilduk (=) eta EAJk (-1), PSE-EE 1etik bira pasa (+1) eta Berdeak-Independienteak eutsi dio zinegotzi bakarrari. Ikusteko dago zein izango da PSE-EEren jarrera.
Zumarragan, berriz, gehiengo absolutua galdu du PSE-EEk, zinegotzi bat eta ia 600 boto galduz ( 6, -1). EH Bilduk emaitza bikaina lortu du, botoetan eta zinegotzi kopuruetan haziz (3tik 5era). EAJk bi zinegotziei eutsiko die, eta Elkarrekin-Podemosek zuen bakarra galdu du. Zumarragan ere ikusteko dago EAJk EH Bildu babestuko ote duen azken legealditan alkate izan den Mikel Serrano sozialista alkatetzatik kentzeko.