EH Bilduk irabazi du Ordizian, EAJk zinegotzi bat galdu du, eta PSE-EEk beste bat lortu du
7 zinegotzi lortu ditu EH Bilduk, 6 EAJk, eta bina PSE-EEk eta Ordizia Orain-ek. Parte-hartzea %62,29koa izan da.
EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Ordizian. Azken legealdian bezala, 7 zinegotzi izango ditu EH Bilduk. EAJk, berriz, zinegotzi bat galdu du, eta 7 izatetik 6 izatera pasako da. PSE-EEk zinegotzi bakarra izan du azken agintaldian, eta 2023-207rako bi lortu ditu. Ordizia Orain-ek, aldiz, zinegotzi kopuru berdinekin jarraituko du. Bi izan ditu eta bi lortu ditu gaurkoan.
Adur Ezenarro Ordiziako jarduneko alkate eta EH Bilduren alkategaia “pozik” agertu da emaitzekin. “Ez da erraza. Historikoa da bigarren aldiz jarraian lehen indarra izatea”. Ordiziako EH Bilduri orain arte “akordioetara iristea egokitu” zaiela azaldu du, “herri akordioak behar direnez”, eta “lanean jarraituko” dutela akordio horiek aurrera eramateko.
Parte-hartzea %62,29koa izan da. EH Bilduk 1.765 boto jaso ditu (2.049 izan ziren 2019an), EAJk 1.530 (1.903 izan ziren 2019an), PSE-EEk 498 (486 2019an), Ordizia Orainek 459 (519 2019an), eta PPk 53 (69 2019an).