Zerrenda bakarra izan da Araman eta emaitzak "esperotakoak" izan dira.
Arama Herritarren Batzarraren arabera udal hauteskundeei dagokienez emaitzak “esperotakoak” izan dira. “Aurkezten ginen talde bakarra izanik ez zegoen ezustekoentzat lekurik, lan zailenak zerrenda osatzerako orduan eginak genituen”.
Parte-hartzeari dagokienez, Arama ez da salbuespena izan eta datuak baxuak izan direla ikus daiteke, bai Gipuzkoan zein EAEn gertatu den moduan. Edozein kasutan, batzar orokorretarako baino boto gehiago izan dira herriko hauteskundeetan. Horrek, herritarrek euren herriarekiko duten “konpromisoa” erakusten du Arama Herritarren Batzarraren arabera.
Alkategaiari dagokionez, ekainak 17ko plenoan hartuko dute azken erabakia, “hautatuak izan garenon egoerak aztertu ondoren, kargu hori egokien beteko duena hautatuz”. Edonola ere, “talde-lanean egoki aritzen asmatzeak baldintzatuko du gure hautagaitzaren arrakasta”.
Legegintzaldiari dagokionez, “aurreko urteetan eginiko lanaren jarraipena” izatea nahi dute, “kudeaketa on baten bitartez eguneroko egitekoei erantzunez eta egiteke dauden proiektu estrategikoak martxan jarriz”. Horien adibide, “Tokiko Energia Komunitatea, etxebizitzen auzia eta apaiz etxe zaharrari erabilera berri bat ematea”. “Garrantzi handiko” proiektuak izanik, herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” izango da.
Azkenik, aurrez esanari helduz, “bizirik sentitzen den herria nahi genuke eta horretarako kultur arloaren sustapena beharrezkoa izango dugu. Horrela herritarrak herriaren parte senti daitezen eta bertan antolatutako ekintzez goza dezaten lortuko baitugu”.