«Hautagai bakoitzaren babesa markatu behar zen, eta guztiok paretsu ibili gara»
Boto nominalaren bidez, Gaintzako Herria taldean aurkeztutako bost herritarrak aukeratu dituzte gaintzarrek, udala osatzeko. Babes zabala jaso dute, 101 hautesleetatik 77rena.
“Parte-hartzeari buruz, gurean 101 hautesle izanik eta bozka bakoitza puntu bat izanda, %77ra iritsi gara, bataz bestekotik gora. Beraz, ondo baloratzen dugu parte-hartzea. Zerrenda bakarra genuenez jakina zen emaitza, baina hautagai bakoitzaren babesa gurutze batez markatu behar zen, eta emaitza ikusita guztiak paretsu ibili gara.
Aste honetan hasiko gara aldaketa gauzatzeko lanetan, eta arduren banaketa ere argitzen hasiko gara. Bostetik bi aurretik ere udalean izan direnez, xamurragoa egingo zaigulakoan gaude.
Erronken artean, toki gehienetan bezala, barneko antolaketak eta kudeaketak arreta handia eskatuko digu. Herriaren biziraupenaren ardatzean, bizipoza lantzea eta elkartzeko aitzakiak urtean zehar lantzen saiatuko gara. Eta nola ez, laguntzen eta aukeren arrantzan, trebe eta bizkor ibili beharko dugu”.