«Irakurketa positiboa ere egin nahi dugu, aldeak txikitu egin ditugu, eta gorantz goaz alde guztietan»
Hauteskunde gauean Goierri Telebistari egindako adierazpenetara mugatu du irakurketa gaur Joxemari Ormazabalek. Datuen azterketa sakonago egiten ari da EH Bildu.
(Goierri Telebistako adierazpenetatik)
“EAJ irabazi ditu hauteskundeak, 1.310 botorekin. Gureak 1.282 izan dira, berriz. Hortxe-hortxe ibili gara. Lehen 40 botoren aldearekin galdu genuen, eta oraingoan 28ra hurbildu gara. 14 pertsonaren erabakia da. Hemen bi taldek bakarrik daukagunez ordezkaritza, azkenean 14 pertsona batetik bestera pasa direla esan nahi du.
Gu irabaztera atera ginen, irabazi egin nahi genuen, alkatetzan geneukan guk jo-puntua jarrita, hori lortu nahi genuen, eta ezin esan positiboa denik gure balorazioa. Irakurketa positiboa ere egin nahi dugu, aldeak txikitu egin ditugu, eta gorantz goaz alde guztietan.
Horretaz aparte, eskerrak eman nahi dizkiegu guregan konfiantza jarri duten lazkaotar guztiei. 1.282 boto ez dira gutxi, oso botoemaile leialak ditugu. Ikusi da Lazkaoko udal hauteskundeetako emaitzetan eta Batzar Nagusietako emaitzetan oso berdinak izan direla EH Bildurenak, ez horrela EAJrenak, haiek alde handia dute, ez dakit zenbat boto lortu dituzten zehazki, baina Batzar Nagusietako botoetan askoz ere gutxiago jaso dituztela bai.
Bi mezutxo eman nahi nituzke. Batetik, zorionak eman irabazleei. Aurrean izango gaituzte berriro ere oposizio eraikitzailea eginez. Eta, bestetik, guregan konfiantza jarri duten lazkaotar guztiei mila esker, batez ere gurekin lanean, orpoz orpo kanpaina osoan, kanpaina aurrean eta gaur ere hemen izan diren guztiei eskerrik beroenak”.