«Jasotako babesa zabala izan da eta eskertzen da, baina gazte batzuk abstenitu izanak penatu gaitu»
Aurreikusten zen bezala udalbatzako zinegotzi guztiak bereganatu ditu GHE taldeak. Abstentzioa "altu" samarra iruditu zaie, eta gazteak udalera erakartzeko lan egitea hartuko dute langai bat.
“Atzoko emaitzekin gustura gaude. Azkenean, jasotako babesa eskertzen da; nahiko babes zabala izan da. Ikusten dugu, beste alde batetik, abstentzioa herri txiki baterako gustatuko litzaigukeena baino altuxeagoa dela. Badakigu, gainera, batez ere jende gazte bat badela abstentzio horren parte, eta horrek pena pixka bat ematen digu. Gure lana izango da datozen lau urteetan gazte jende horrengana udala gerturatzen saiatzea, beraien zerbait ikus dezaten. Horretan saiatuko gara.
Bestela, motibatuta eta gogotsu gaude; talde gaztea dugu, eta herritarrekin elkarlanerako prest, orain arte udalean egon direnen laguntza eta babesa beharko dugu. Horretaz kontziente, lanerako gogoarekin gatoz. Etorriko zaizkigu zereginak, eta ea ekainaren 17tik aurrera martxan hartzen dugun eta hasten garen pixkanaka-pixkanaka dinamika horretan sartzen”.