Legazpiko Berdeak "ilusionatuta" daude herrian "gauzatu den aldaketarekin".
Taldeak zinegotzia mantenduko du udalean, eta Bezunartea zerrendaburuak esan duenez, "ilusionatuta" daude hemendik aurrera egingo duten lanarekin.

Legazpiko Berdeak+ Independenteak taldeak lortutako emaitzen aurrean, eskerrak eman dizkie “babesa erakutsi diguten guztiei” Alberto Bezunartea zerrendaburuak, lortu dutelako udalean jarraitzea eta zuten zinegotzia mantentzea. “Uste dugu egin dugun lanak harrera ona izan duela eta aitortua izan dela”.
Bestetik, EAJk lortu dituen “emaitza txarrak” ere izan ditu hizpide. “Gobernuan egon den azken urteetan guk egin dugun lanaren eta egin duten gestioari egin diogun kritika gogorraren ondorioa dira, hein batean. Gure ustez, EAJk ez zuen merezi berriz ere alkatetzan egotea, udalean gertatu den guztiaren ondoren, bereziki ireki diren epaiketa prozesu guztiengatik”.
Legazpin “etapa berri bat” irekitzen dela ere adierazi du Bezunarteak, eta “indar ezkertiarrek elkar lana egitea” espero du, eta horrekin, “zortzi urte hauetan arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan galdu ditugun aukerak berreskuratzea eta behar diren neurriak martxan jartzea”.
Legazpiko Berdeak “ilusionatuta” daude hemendik aurrera egingo duten lanarekin eta “Legazpin gauzatu den aldaketarekin”.