Urola ibaia eta Urtatza erreka garbitu ditu udalak
Eulen enpresak egin ditu lanak, eta 274 kilo hondakin bildu ditu. Urtatza errekaz gain, Industrialdetik Guriditegira bitartean ere garbitu dute Urola.
Legazpiko Udalak eskatuta, Urola ibaia eta Urtatza erreka garbitu ditu Eulen enpresak, eta 274 kilo hondakin bildu ditu. Urtatza errekan garbitu den tartean 80 kilo hondakin jaso dituzte, eta Urola ibaian, Industrialdetik Guriditegira bitartean, 195 kilo. Jasotako hondakinak Sasieta Mankomunitateko garbigunera eraman dituzte. Garbiketa lanen kostua 6.050 eurokoa izan da.
Urtatza inguruan 18 kilo bildu dituzte, eta hondakin gehien autobus geralekuaren eta Laubide auzoko zubiaren artean dagoen tartean zegoen.
Urola ibaian, Industrialdetik Bikuñara arteko tartean 40 kilo bildu dituzte; industrialdean beste batzuetan baino hondakin gutxiago jaso dute, eta hirigunean zegoen zabor gehiena, botilak, plastikozko ontziak eta latak batez ere. Bikuñatik Mirandaolara bitartean 35 kilo jaso dituzte, gehiena zubien inguruan: latak eta plastikozko poltsak eta industria-jatorriko plastikoren bat. Mirandaolatik Brinkolara artean 90 kilo bildu dituzte: Zubitxo, Telleriarte eta Elorregi oso garbi zeuden, eta gunerik zikinena Brinkolako zubiaren ingurua izan da. Azkenik, Brinkola-Guriditegi tartean 30 kilo bildu dituzte, eta latak eta plastikozko poltsak agertu dira aisia gunean.
Udalak jakinarazi duenez, ibaien ertzetan saretak jartzeak murriztu egin du ibaira iristen diren hondakinen kopurua. Hala ere, badira oraindik bi puntu beltz: Laubide auzoko zubiaren eremua eta Brinkolako zubiaren eremua.