Elkarbizitza astean dago murgilduta Domingo Agirre eskola
Astelehenean hasita, familiaren gaia ari dira lantzen. Ostiralean amaituko dute lanketa, Trapalata txarangak girotuko duen festarekin.
Pandemiak ezarritako etenaldia gaindituta, ikasturte honetan Elkarbizitza Astea berreskuratu du Domingo Agirre eskola publikoak. Astelehenean hasi ziren lanketarekin, aurten familiaren gaia aukeratuta, eta ohi bezala, ostiralean amaituko dute, festa handi batekin.
Azken urteetan amaierako festa herriko plazan egin izan dute, baina aurten eskolan bertan egingo dute. 17:00etan hasiko da, ikasle guztientzako meriendarekin. Ondoren jolasak izango dira, ikasle zein gurasoentzat, eta hori guztia, Trapalata herriko txarangak girotuko du.
Familiaren garrantziaz
Familiaren gaia ari dira lantzen Elkarbizitza astean zehar. Astelehenean hasi ziren, Alvaro Beñaran pedagogo eta psikomotrizistak Guraso eskolaren eskutik egindako Zer nolako helduak behar dira, haurrak autonomian eta balore sozialetan garatzeko izeneko hitzaldiarekin. Familiaren gaiaren lanketa bera, berriz, gela barruan egin dute, eta ikasleek familia mota desberdinak ezagutzeko aukera izan dute: tradizionalak, guraso bakarrekoak, harrerakoak… Bestalde, ikasleen familien argazkiekin horma irudi erraldoi bat ere egin dute, eskolako familia handia eta plurala irudikatzeko. Familiak duen garrantziaz jabearaztea da helburu nagusia.
Ikasturte honetan familiaren gaia lantzen ari diren bezala, Domingo Agirreko Elkarbizitza-Hezkidetza taldeak antolatutako Elkarbizitza astean beste gai batzuk ere landu dira aurreko urteetan. Orain arte, publizitatea, aiton-amonen ezagutza, lanbideetan sexu estereotipoak eta hainbat elkartek egiten duten boluntariotza lana landu dute, beste batzuen artean.