Ataunen gaur hasiko dituzte 15. Gazte Festak, egun handia zapatuan jarrita
Gaur, bihar eta etzi izango dira ekitaldiak, herriko gazteria elkartu eta kuadrillen nahiz auzoen arteko hartu-emanak estutzeko asmoarekin.
Torto gazte asanbladak Ataungo 15. Gazteburua edo gazte festak antolatu ditu. Gaur, bihar eta etzi izango dira ekitaldiak, herriko gazteria elkartu eta kuadrillen nahiz auzoen arteko hartu-emanak estutzeko asmoarekin.
Egitaraua hasteko, Gazte asanbladan beharra izenburuko hitzaldia egingo dute lehenengo, gaur 18:00etan. Pintxopotea eta Iker Plazaolaren umorezko bakarrizketa izango dituzte gero (21:00).
Bihar, ostirala, hiruko futbol txapelketa jokatuko dute, 17:00etan hasita, Zelaietako zelaian. Lau laguneko taldeak osatu behar dira, eta zortzi minutuko partidatxoak jokatuko dituzte. Hamasei urtetik gorakoek parte har dezakete.
Talde irabazleak 80 euro jasoko du, Troskaeta jatetxean gastatzeko; bigarrenak, 40 euro, Urbieta jatetxerako.
Bihar gauean, bestetik, Balloon Frame taldearen kontzertua jarri dute, 23:00etan.
Festa-eguna larunbatean
Gazte Eguna zapatukoa izango da, eta eguerditik gauera luzatuko da festa. 12:00etan, harri jasotze erakustaldia izango da, San Martingo plazan. Asier Altuna eta Aimar Galarraga ariko dira harriarekin.
Trikitilariek alaitutako poteoa egin ondoren, gazte bazkaria plazan bertan egingo dute, 14:30ean. Neu bakarlariak girotuko du musikaz bazkalondoa, eta 18:30ean karropoteoa.
Gauean, 23:00etan, musika kontzertuak izango dira: Pakillo el Canutero y los Antxoillas taldea, eta DJ B eta DJ Atenenas.