Beasainek ezin izan dio mailari eutsi
Liga jaitsierako partidan Ourenseren kontra 1-0 galdu du Beasainek. Kepa Lasa klubeko lehendakariak denboraldiaren balorazioa egin du. Igor Gordobilek ez du entrenatzaile karguan jarraituko.
Bigarren Federazio futbol Ligako azken partidan, Beasaingo Loinatz zelaian hutsean berdindu ondoren, mailari eusteko lehia Ourensen jokatu zuen Beasain K.E.-k, pasa den asteburuan. Partida orekatua, etxekoak nagusi izan ziren partidaren lehen zatian, baina beasaindarren defentsak eta atezainak ondo eutsi zioten erasoari. Aukerarik onena Zubillagaren jaurtiketa bat izan zen, gutxigatik kanpora joan zena.
Bigarren zatiaren hasieran baina, maldan gora jarri zen partida,korner baten ondoren aurkariek markagailuan aurrea hartu zutenean. Minutu zailak izan ziren eta etxekoek partida erabakita uzteko aukera izan zuten, baina Beasainek ez zuen amore eman, eutsi egin zioten eta luzapena jokatzeko aukera emango zien gola markatzen hustu zituzten indarrak. Ahalegina-ahaleginaren atzetik, epaileak amaiera adierazi zuen arte. Txistuaren hotsak, mailaz jaistea zekarren.
Irabazi edo ikasi
Kepa Lasa Beasain K.E.ko lehendakariak denboraldiaren balorazioa egin du. «Urte zaila» izan dela nabarmendu du, «hasiera-hasieratik lesioak eta horrek asko zaildu du denboraldia». Oztopoak oztopo, «azkenera arte borrokatu» dutela nabarmendu du. «Batzuetan irabazi egiten da, beste batzuetan ikasi», borobildu du Lasak.
Aurreko denboraldian kategoriaz igotzea lortu eta gero, helburua zen «kategoriari eustea, eta kontsolidatzea». Beasainen taldean 18 talde izan dira lehian, eta sei dira mailaz jaitsi direnak, ia taldeen %30a. Mailara iritsi berria den batentzat, erronka benetan kostagarria, are gehiago, lesio faktoreak ez badu laguntzen.
Hala izanda ere, positibotik asko du denboraldiak, «gogoari azkenera arte eutsi zaio».
Gordobilen agurra
Denboraldiaren amaierarekin aldaketak etorriko dira. Igor Gordobil entrenatzaileak ez du jarraituko, ezta laguntzaile izan duen bigarren entrenatzaileak ere. Klubaren lehendakariak «esker hitzak» baino ez ditu izan bientzat, «uneoro izan duten jarreragatik eta azken unera arte ahalegin guztiak egin dituztelako». Taldean egin duten ibilbidea «erabat aberasgarria» izan dela nabarmendu du Lasak.
Entrenatzailearen ordezkoa nor izango den, ez du aurreratu Lasak; «elkarrizketetan gaude», da momentuz esan duen bakarra.
Jokalariei dagokienez, «gehiengoak jarraituko du, baina jokalariren bat joango denez, hutsuneak bete beharko dira, beraz, derrigor aldaketak».
Talde bazkaria
Denboraldiari amaiera emateko, ekainaren 17an bazkaria egingo dute, Gernika pasealekuko frontoian. Klubeko komunitate osoak parte hartuko du.