Berrehun lagun dantzan
Bihar eta igandean, dantza emanaldiak izango dira Ordizian, Amets Bide dantza taldeak antolatuta. Bihar, umeen kurtso amaierako emanaldia izango da, eta igandean III. Ballet barandilla.
Amets Bide dantza taldeak bi dantza emanaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Bihar eta igandean, hainbat dantzari ibiliko dira Ordiziako kaleetan. Bihar, ostirala, umeen kurtso amaierako emanaldia izango da Majori plazan, 17:30ean. Eguraldi txarra egiten badu, Beti Alai pilotalekuan egingo dute. Igandean, berriz, Ordiziako III. Barandilla emanaldia izango da, Barrena parkean, 12:00etan. Eguraldi txarrarekin, Plaza Nagusian egingo lukete. Bi emanaldiak batuta, 200 bat dantzarik parte hartuko dute.
Dantzari txiki eta gazteen txanda izango da bihar. 4 eta 12 urteko arteko ehun bat haurrek dantzatuko dute. Igandean, aldiz, Iker Murillo eta Vitali Safronkine ballet dantzarien Pasaiako Studio 24 ballet eskolako ikasleek eta Amets Bideko ballet ikasleek barandilla ikuskizuna egingo dute. Horretan ere, 100 dantzari inguruk parte hartuko dute. Amets Bidek ballet barandila saioa antolatzen duen 3. aldia da. 2021ean eta iaz, Dantza Asteburuaren barruko ekintza izan zen, eta aurten, aldiz, kurtso amaierako emanaldiarekin batera programatu dute.
Kamixetak salgai
Eguraldi ona eginez gero, Barrena parkea ballet estudio erraldoi bat bilakatuko da. Ilaran jarrita, barandillaren ondoan ballet posizioak erakutsiko dituzte dantzariek. Bihar, Majori auzora eramango dute dantza ikasleek. Dantzaz betetako asteburu borobila izango dute aurretik dantzari eta dantzazaleek. Eukene Lekuona diseinatzaile grafikoak diseinatutako Amets Bideren kamixetak eta sudaderak jarriko dituzte salgai biharko emanaldiarekin batera. Herritarrak animatu dituzte emanaldiak ikustera gerturatzera, Amets Biderekin dantzaz gozatzera.