Gipuzkoako finalerdiak jokatuko dituzte Oianguko pilotariek
Larunbat goizean, Hodei Irastorza zaldibiarrak eta Xabier Ibarguren mutiloarrak osatutako bikoteak Errepalako Begiristain anaien aurka jokatuko du Donostiako Gaskako trinketean.
Oianguko hainbat pilotarik Gipuzkoako 3 txapelketetako finalerdiak jokatuko dituzte asteburuan. Larunbat goizean jokatuko da lehena, Donostiako Gaskako trinketean. Hodei Irastorza zaldibiarrak eta Xabier Ibarguren mutiloarrak osatutako bikoteak Errepalako Begiristain anaien aurka jokatuko du. Oiangu Pilota Elkarteak azaldu duenez, parte hartzen duten lehen urtea izan da eta «emaitza politak» izan dituzte. «Amaiera polita emateko» aukera izango dute.
Igande goizean, berriz, 3 partida jokatuko dira. Lehenengoa, Andoaingo Arrate pilotalekuan izango da, pala luzean. Zuhaitz Letamendia ordiziarrak eta trinketean ere jokatuko duen Ibargurenek finalerako txartela lortzeko lehian izango dira, Errepalako Ibargarai-Zumeta bikotearen aurka.
Azkenik, Ordizian bi partida jokatuko dira. Jubenil mailako txapelketa mixtoko finalerdiak jokatuko dira igandean, 12:00etatik aurrera. Lehen partida gomaz izango da, ondorengoa larruz, eta bi partidetan emaitzarik onena lortzen duen taldeak egingo du aurrera finalera. Finalerdi horiek Iker Larrarte Oianguko pilotariak jokatuko ditu Oiangu ordezkatuz. Aratz Elorza ordiziarra, berriz, finalera zuzenean sailkatu da.