Goitibera txapelketa antolatu dute bigarren urtez
Maldan Behera Inertzia Kirol elkarteak antolatu du. Euskal Inertzia Koparako puntuagarria da. Mendizabal auzotik irtenda 16:00etan hasiko da lasterketa.
Ormaiztegiko 2. Goitibera lasterketa jokatuko dute larunbatean, Maldan Behera Inertzia Kirolen elkarteak antolatuta. Euskal Inertzia Koparako eta IV. Sputnik Koparako puntuagarria izango da. Mendizabal auzoan irtenda, 650 metroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, maldan behera Ormaiztegiko herrigunean egongo den helmugara iristeko.
Aldapa motza baina pendiz handikoa da, iaz bezala, lasterketarako aukeratu dutena. Mendizabaldik behera hiruna jaitsialdi egin beharko dituzte parte hartzaileek, horietatik bat entrenamenduzkoa eta bi kronometratuak. Lasterketari 16:00etan emango diote hasiera.
Boluntarioak behar dira
Bost kategoria ezberdinetan jokatuko da proba: Pneumatika, Europarrak, Speed Trike, Errodamenduak eta Uretano. Maila guztietan lehendabiziko hiru denbora onenak egin dituzten lasterkariak sarituko dira. Oraindik irekita dago izen ematea eta Ormaiztegiko udaletik jakinarazi dutenez, boluntarioak behar dira komisario lanak egiteko.