Hegialde prest mendi bizikletarekin Xabier Ortiz de Luzuriaga gogoratzeko
Igandean izango da proba, 35 kilometroko ibilbidearekin. Internetez 130 txirridularik eman dute izena. Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 08:00etatik 09:00etara.
Urtero bezala, Hegialdeko jaien atarian egingo da aurten ere Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendi bizikleta ibilaldia. Igandean izango da, hilaren 4an. Aurtengoa 18. edizioa da, eta 35 kilometroko eta 1.300 metroko desnibela izango du Legazpiko mendietan zehar antolakuntzak prestatutako ibilbideak. Irteera, ohi bezala, Laubideko kale nagusitik egingo dute, 09:15ean, eta helmuga ere han egongo da jarrita. Probaren amaieran festa giroa nagusituko da bertan, urtero bezala. Barra eta musika egongo da, eta aurreko edizioetan ateratako kamiseta eta kartel guztiekin osatutako erakusketa.
Edizio berri honetan bada nobedade garrantzitsu bat, izena aurrez Internet bidez emateko aukera ireki dutelako. Joan den ostiralean amaitu zen horretarako epea, eta dagoeneko 130 lagun apuntatuta daude. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 08:00ak eta 09:00ak bitartean, irteera aurretik.
Beste urteetan 200dik gora partaide izan ohi ditu proba honek, eta aurten ere kopuru hori gainditzea espero dute antolatzaileek. Iragarpenaren arabera, eguraldia lagun izango dute txirrindulariek goiz osoan zehar.
Guztia prest
Ortiz de Luzuriagak (Legazpi, 1984-2004) jubenil mailako Euskadiko Mountain Bike Txapelketa irabazi zuen 2002an. Handik bi urtera hil egin zen kotxe istripuz, eta gutxira, mendi bizikleta trabesia hau antolatzen hasi ziren kuadrillakoak eta lagunak.
Igande honetarako guztia prest dute dagoeneko: ibilbidea erabakita eta kartelak jarrita, kamisetak enkargatuta, anoa postuetarako janari eta edari kontuak eta txandak antolatuta… Aparkalekuak, dutxak, bizikletak garbitzeko gunea, musika, barra… hori guztia ere prest dago, eta ibilbidea bezperan markatuko dute.
Ibilbide hori betikoa izango da, aldaketa txikiren bat kenduta. Hegialdetik atera, Aztirira eta harrobira gero, Xabiren oroimeneko monolitoa han dagoelako, eta ondoren, Larrosain-Ormakio behe aldea-Brinkolazar-Aierdi-Beain-urtegia-Amutxanda-Udanako bidegurutzea-Saletxe-Gorostiagarako bidea-Feliparen txabola egingo dute, eta handik, auzora buelta eta amaiera.
Aurten desnibela jaitsi egin dute, baina hala ere, nahiko ibilbide gogorra izango da. Herriko txirrindulariek maite duten proba da, eta herritik kanpoko asko ere etortzen dira.