Herri Eguna ospatuko dute larunbatean Itsasondon
16:00etatik gauerdira arte ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Helburua "herritarrak jai giroan bildu eta herritartasuna lantzea" da.
Itsasondoko Herri Eguna ospatuko dute bihar herritarrek. 16:00etan hasiko da, eta gauerdira arte jai giroan murgilduko dira, ekintza ezberdinak antolatu baitituzte. Pandemia aurretik herriko gazteek urtero antolatu ohi zuten herri eguna, udaleko kultura sailak azaldu duen bezala, «herritarrak gai giroan bildu eta herritartasuna lantzeko» helburuarekin. Pandemiaz geroztik ez da berriro antolatu, eta aurten berreskuratu egin dute.
Haurrentzako zein helduentzako jarduerak izango dira. Plazan eta gaztetxean egingo dituzte. Hau da egitaraua:
- 16:00etan, plazan, haurrentzako jolasak.
- 17:00etatik 19:00etara, plazan, toka, sokatira eta bingo musikatua.
- 19:00etan, plazan, triki-poteoa. Xaukena Elektrotxarangarekin.
- Gauean, 21:00etan herritarren arteko afaria gaztetxean. Gero, kontzertuak. 23:00etatik aurrera, Nazarenos Del Norte eta DJ Naza.