Legazpiko Udalak baso-lurrak erosi ditu Brinkolan
Erositako baso-lurrak Kortaburu, Iturtxo, Etxerazabal, Kortatxo, Auntegi eta Astregi izenekoak dira, Otaño eta Larrosain mendien artean. 24.500 euroan erosi dituzte
Legazpiko udalak hamalau baso hektarea erosi ditu Brinkolan. Zehazki, Otaño eta Larrosain mendien artean, maldan behera Guriditegi auzoraino. Erositako baso-lurrak Kortaburu, Iturtxo, Etxerazabal, Kortatxo, Auntegi eta Astregi izenekoak dira. Erosketaren prezioa 24.514,72 eurokoa izan dela esan du udalak.
Lurrak aurreko pinudia moztu ondoren eskuratu dira. Goiko aldean, larre berriak sortuko dira. 2,5 hektarea izango ditu ingurune honek. Eta gainerako lurretan haritzez eta ameztiez osatutako baso-masa berri bat sortuko da. Propio aukeratutako espezieak dira, inguruko baso autoktonoa ere halakoa delako.
2004an hasitako bidea
Udalak Basoen Kudeaketa Jasangarrirako Plana onartu zuen 2004an. Plan hori 2016an eguneratu zen, eta bertan udalerriko basoen kudeaketa planifikatzen da iraunkortasun-irizpideak aintzat hartuz.
Esparru horretan, Agenda 21eko Foroak 2016an eta, ondoren, Landa Garapeneko Lantaldeak 2021ean, Udalak baso-lurrak erostea proposatu zuten. Proposamen hori 2021eko aurrekontuan jaso zen 1.000 euroko “testigantzazko” partida batekin, eta, ondoren, igo egin zen partida, erosketaren azken prezioaraino.
Legazpiko udalerriaren azaleraren %80 basoa da.
Titulartasunari dagokionez, basoen %21 jabego publikokoa da, eta gainerakoa pribatukoa. Basoen %3,5 udal jabetzako da (140 ha).
Espezieei dagokienez, Legazpiko basoen %70 espezie koniferoek dira eta %30a, espezie hostotsuak.