Xabier Ortizen omenezko BTT martxaren antolakuntzak gaur eguerdian aurkeztu du ibilbide ofiziala. Ia 37 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa du.
Lehen kilometroak asfalto gainean egin beharko dituzte txirrindulariek. Berotzeko balioko die, Atagoitiko gainera heldu baino lehenago Aztirirako mendi bidea hartu beharko dutelako eta handik aurrera ibilbide teknikoa eta gorabeheratsua izango dutelako: Ortizen omenezko plaren ondotik pasako da tropela 10. kilometroan, Irumugarrietara bidean. Eguneko punturik garaiena izango da, 800 metro pasarekin; Arranoaitz inguratu eta Brinkolazar baserrira jaitsiko dira; Barrandiolako urtegiaren atzetik Udanako gainera egingo dute, handik Korostiko magalak zeharkatzeko eta atzera Hegialdera itzultzeko.
Antolatzaileek gomendatu dute ibilbidea GPSra jaisteko, galtzeko arriskua ekiditeko. Dena dela, ibilbidea markatuta egongo da. 130 lagunek eman dute izena.