«Zikloak amaitu egiten dira eta bageneukan erabaki hori hartuta, irabazi ala galdu»
Gordobilek ez du Beasainen entrenatzaile izaten jarraituko. Bi urte eta erdi egin ditu taldea zuzentzen. Beasainek Hirugarren mailan jokatuko du berriz datorren denboraldian, aurten maila galduta. "Beasaini opa diot datorren denboraldian igoera lortzea, benetan poztuko nintzateke".
Ezin izan diozue mailari eutsi…
Gerta zitekeen gauza bat zen. Guk ez geneukan buruan, baina arerio indartsu baten kontra galdu genuen eta azkenean denboraldiak zentzua galtzen du. Uste dut oso denboraldi polita egin dugula, oztopo guztien gainean meritu handiz aritu dela taldea. Gustatuko litzaiguke azken partida horretan gauzak hobeto atera izana, baina ez da posible izan.
Behetik gora egin duzue, baina ez da nahikoa izan…
Ez da oso denboraldi normala izan. Azkeneko momentura arte bizirik irautea, benetan, txapela kentzekoa da. Oso harro nago jokalariek egindako lanarekin, nola lagundu garen, nola jakin dugun gauza txarrak konpontzen… Izan ditugun bizipen guztiak oso aberasgarriak izan dira. Alde horretatik, beraz, oso pozik nago. Taldeak nortasuna erakutsi du eta horrekin geratzen naiz.
Datorren denboraldian, zer?
Aste honetan bertan zuzendaritza taldearekin bildu naiz eta ez dut Beasainen jarraituko. Bi urte eta erdi izan dira, oso esperientzia gogorrak izan ditugu, futbolak dituelako alde onak eta txarrak. Ni Beasainen oso ondo sentitu naiz, taldearekin harremana oso zuzena izan da, Keparekin ere oso ondo moldatu naiz.
Zein da arrazoia?
Zikloak amaitu egiten dira eta bageneukan erabaki hori hartuta, irabazi edo galdu.
Eta orain?
Momentuz ez dakit zein izango den bidea. Beste aukera batzuk sortuz gero, baloratuko ditut.
Zeintzuk izan dira momentu gozoenak Beasainen?
Beasainen deia jasotzea oso garrantzitsua izan zen niretzat, bi urtez entrenatzen egon gabe berriro eman zidatelako aukera gustatzen zaidana egiteko eta hori ez dut inoiz ahaztuko. Momentu oso politak bizitzeko aukera emanez, eta gustatuko litzaidake horiekin gelditzea.
Etapa honen amaiera iritsita, zerbait gehiago bildu nahiko zenuke?
Gustatuko litzaidakeela Beasain bigarren federazioko mailan mantentzea, jokalariek eta klubak merezi dutelako, baina kirolak gauza onak eta txarrak ditu eta egin behar dena da ikasi, autokritikoak izan eta jarraitu, bizitzak aukera berriak emango dituelako. Beasaini opa diot, datorren denboraldian igoera lortzea, benetan poztuko nintzateke.