June Aiestaran lehen seien artean sailkatu da Eskolarteko Bertsolari Txapelketan
Hamar bertsolari aritu dira kantuan Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Haira Aizpuru lapurtarrak jantzi du txapela bigarrengoz, eta Eki Mateorena nafarra izan da txapeldunordea. Bertsolari beasaindarrak lehen galbahea pasa, eta finaleko bigarren zatian kantatzeko aukera izan du.
June Aiestaran lehen seien artean sailkatu da gaur goizean Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan jokatu den Euskal Herriko Eskolarteko 35. Bertsolari Txapelketan.
Hamar bertsolari aritu dira kantuan: Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi ; Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzkoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena.
Igor Meñika aritu da aurkezle lanetan, eta Beñat Vidal gai-jartzaile. Epaile lanak, berriz, Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek egin dituzte.
Lehen seietan
Hasierako agurren ostean, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu dira bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu dira bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre.
Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan diote sei horiek. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu du 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez (2021ean ere jantzi zuen), eta Eki Mateorena izan da txapeldunorde. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio txapela txapeldunari; txapeldunordeari, aldiz, Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman dio saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan dira oroigarriak.
Bide baten azken puntua
Urte hasieran abiatu zen 35. Eskolartekoa, eta ekainera bitarte lurraldeetan egin du bidea; denera, ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.
14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez.