Primerako giroa garagardotarako
Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka martxan da Ordiziako Plaza Nagusian, Emaneurre taldeak antolatuta. Hamabost ekoizleren garagardoak dasta daitezke. 17:00etatik gauerdira arte egongo da zabalik. Iluntzean kontzertuak egongo dira, eta burruntzian erretako txerriaren pintxoak ere bai, besteak beste.
Garagardoa dastatzeko eguraldi paregabea egiten du gaur, eta horretarako plaza bikaina atondu du seigarren urtez Emaneurre taldeak Ordiziako Plaza Nagusian: Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka.
Goizeko txanda bukatuta, arratsaldetik gauerdira arte egongo da zabalik azoka. Euskal Herriko hamabost ekoizleren garagardoak dasta daitezke, eta jatekoa ere egongo da: Lazkaoko talogileen taloak eta Ordiziarrock taldekoak burruntzian erretzen ari diren txerria.
Kontzertuak ere izango dira, 19:00etan hasita: Revolutionary Brothers, Eira eta King Konsul.
Eguerdian garagardoak dastatzen ari da lau lagunek osatutako epaimahaia, baina espero baino gehiago luzatu zaienez lana, irabazlearen izena eta sari banaketa ekitaldia arratsalderako uztea erabaki dute antolatzaileek.