Legazpiarrek "eredu aldaketa" eskatu dutela dio EH Bilduk
Lortutako emaitzek alkatetza eskuratzeko zilegitasuna ematen diotela nabarmendu du koalizioak.
Legazpiko EH Bilduk udal hauteskundeen balorazioa egin du, eta legazpiarrek EH Bildu aukeratuta “eredu aldaketa bat” eskatu dutela nabarmendu du. “Lortutako emaitzek zilegitasun guztia ematen digute Legazpiko alkatetza eskuratzeko, herriak erabaki du lidergoa EH Bilduk izan behar duela”. Horregatik, “herri honek dituen erronkei eta bertako beharrei erantzuna emango dion gobernua eratzeko ardura” hartu du bere gain. EAJ-PNV, PSE-EE eta Berdeak+Independeteak taldeei deitu die, elkarrizketa erronda bat hasteko proposamena egiteko.
“Badakigu gutxiengoan gobernatu beharko dugula. Baina, azken lau urteetan erakutsi dugun moduan, akordioetara iristeko gaitasuna daukagu, ezberdinekin lan egiten dakigu, batzen gaituzten elementu horiek bilatuz”. Gainera, erabakiak “herritarrekin batera” hartuko dituztela agindu dute, “herritarrekin partekatuko dugu lidergoa”.
Bestalde, EH Bilduk eskerrak eman dizkie botoa eman dietenei, “Legazpin abian jarri nahi dugun proiektua babestu duten herritar guztiei. Mila esker, 1.611 aldiz. Zuei esker eta zuekin, Legazpi hobe bat egiteko lanean jarraituko dugu. Bost zinegotzi izango ditugu udalean, eta taldea buru-belarri inplikatuko da denen beharrei erantzuteko. Beti esaten dugun bezala, legazpiarrok elikatuko dugu proiektu hau, denon artean eta denontzat eginikoa, eta ildo horretan lan egingo dugu, Legazpik dituen erronkei erantzuten eta udal baliabideak herriko eragile nahiz norbanakoen esku jartzen”.