Udala osatzerakoan "legazpiarren agindua" betetzeko eskatu du Legazpiko Berdeak taldeak
"EAJk eta PSE-EEk sinatu duten paktu orokorra hemen ez gauzatzea" espero dute, eta herriko alkatetza beti zerrenda bozkatuenaren esku egon dela gogoratu dute.
Hilaren 17an udalbatza berria osatzerakoan, “legazpiarren agindua betetzeko” eskatu du Legazpiko Berdeak + Independenteak taldeak. Taldeko ordezkaria den Alberto Bezunarteak dio ez dituztela onartzen “goiko erakundeetatik datozen aginduak”, eta Berdeen “aliantza” herriarekin dela. “Guk errealitatea aztertzen dugu, premiazkoak ikusten ditugun proposamenak egiten ditugu eta premiazkoak ez direnak baztertu egiten ditugu, baina beti irizpide propioarekin. Legazpitik kanpoko inposiziorik ez dugu onartzen”.
Bezunarteak gogoratu du herriko alkatetza beti egon dela zerrenda bozkatuenaren esku, eta horren harira esan du “EAJk eta PSE-EEk sinatu duten paktu orokorra hemen ez gauzatzea” espero dutela. “Zerrenda bozkatuena errespetatzeko eskatzen diegu jeltzaleei eta sozialistei, baita hauteskunde emaitzak behar bezala irakurtzeko eta erabakiak Legazpiri begira bakarrik hartzeko ere, alderdien interesak baztertuta”.
Bi alderdi horiek Euskadi mailan sinatutako paktua “kromo trukea” besterik ez dela dio, eta ez duela zerikusirik legazpiarrek maiatzaren 28an adierazitako borondatearekin. Paktuak, gainera, “hainbat administraziotan PPrekin aliantzak egitea ere ekarriko du, eta horrek atzera pausoa ekarriko du giza eskubideen mailan”. Legazpiko PSE-EEk alkatetza EAJri emanez gero, “gure bizilagunen borondatearen aurka joango litzateke, hemen bizi garenoi iruzur egingo ligukete”. Horrek, gainera, “osasun demokratikoaren galera konponezina” ekarriko lukeela erantsi du. “Legazpik hitz egin du eta aldaketa nahi du. Hori da EAJk eta PSEk kontuan izan beharko luketen akordio bakarra”.
Bestetik, aurreko legegintzalditik konpontzeko zain dauden auziak ere aipatu ditu Berdeen bozeramaleak, hain zuzen, “EAJren erruz udalaren aurka irekitako bi prozedura judizial, horietako bat bide penaletik gainera. Gure ustez horrek etikoki desgaitu egiten du EAJ Legazpin gobernatzen jarraitzeko eta desgaitu egiten du Eric Galvez alkate izateko. PSEk alkatetzea ematen badio, egoera honen konplize bihurtuko da. Aukera paregabea du herri mailan independentzia eta nortasuna erakusteko”. Horrela izatea espero dutela berretsi du, eta euren botoekin berriz ere zerrenda bozkatuenaren alde egitea, “aurrekoan EAJrekin egin zuten bezala”.
Herritarrentzako eskertza
Legazpiko Berdeek, azkenik, hautetsontzietan jasotako babesa “bihotzez” eskertu nahi die herritarrei, zinegotzia mantentzea lortu dutelako. “333 pertsonek erabaki dute euren botoa Berdeak + Independenteak taldeari ematea, duela 4 urte baino %2 gehiagok. Hemen bizi garen bizidun guztien ongizatearen alde lan egiten jarraitzeko adorea eman digu horrek. Guztientzako Legazpi hobea lortzeko ideiak ematen eta lanean jarraituko dugu”.