Festa giroan itxi dute Elkarbizitza astea aurten ere Domingo Agirren
Aurten familiaren gaia landu dute, eta ikasleek familia mota desberdinak ezagutzeko aukera izan dute. Amaiera festa joan den ostiral arratsaldean ospatu zuten.
Elkarbizitza jaiarekin itxi zuten joan den ostiral arratsaldean Domingo Agirre eskola publikoaren Elkarbizitza astea. Pandemiak etenda utzi bazuen ere, ikasturtero ospatzen dute Elkarbizitza astea eskolan, ikasleekin hainbat gai lantzeko helburuz. Aurten familiaren gaia aztertzeko baliatu dute, eta ikasleek familia mota desberdinak ezagutzeko aukera izan dute.
Astea amaitzeko, jaia ospatu zuten familiekin. Merienda, txokoak, jolasak eta Trapalata txarangaren musika izan ziren osagai nagusiak. Rubik kuboari, makilajeari eta txapei eskainitako txokoak, zaku karrerak, jogurt jate txapelketa eta photocall-a izan zituzten, besteak beste.