Beasaingo garagardo festa irailaren 21etik 23ra bitartean egingo da
2023ko Beasaingo Garagardo Festak badu data: irailaren 21, 22 eta 23an. Beasaingo Plaza azpian egingo da, 'Goierriko presoen lagunek' antolatuta. 30 garagardo desberdin dastatzeko aukera izango da.
2023ko Beasaingo Garagardo Festak badu data. Irailaren 21, 22 eta 23an egingo dute garagardoaren azoka, Beasaingo Plaza azpian, ‘Goierriko presoen lagunek’ antolatuta.
Inaugurazioa ostegunean, hilak 21, 18:00etan izango da. Antolatzaileen esanetan, “garagardoa eta garagardotegiko menu tipikoa izango dira festaren protagonistak. Ohikoa den bezala, jende gehien larunbatean izatea espero da, baina antolatzaileek ohartarazten dute garagardo-dastaketa ez uzteko bukaerarako, aurreko urtean kanilean zeuden 30 garagardoetatik lau agortu egin baitziren egun horretarako. Aurten kopuruak handitu egin dira, eta edizio honetan 2.800 litro garagardo baino gehiago kontsumitzea espero da”.
30 garagardo
Hiru egunetan, Euskal Herriko eta nazioarteko “kalitate handiko 30 garagardo mota dastatu ahal izango dira, bakoitza bere iturritik. Baita litro erdiko botilan dauden alkoholik gabeko nazioarteko bi barietate garagardo ere, (Alcoholfree) eta Lemon-beer (Radler)”.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, garagardo Horiak (Pilsner, Kellerbier, Helle Munchen, Abadia, Belgian Ale, Lager..), IPA (Indian Pale Ale), APA (American Pale Ale) edo NEIPA (New England IPA), eta gari-garagardoaren barietate desberdinak (Weissbier bavariarrak, Witbier zuria eta baita Weizenbock…)… izango dira aukeran. “Ondo ordezkatuta egongo dira ondorengo preziatuen hauek: garagardo artisau txigortuak, Landbier, Abadia Dubbel, Belgian tripel eta abar. Irish Red gorriek eta Abadiako Ambar eta Gorria garagardoek ere leku bat izango dute… Eta beltzak ere bertan izango dira, jakina, Irish Stout eta beste ezusteko batzuk izango baitituzte”.
Garagardo artisauak ere izango dira aukeran, “Goierritik, Nafarroatik, Gipuzkoatik, Bizkaitik… iritsiko dira. Eta nazioartekoak hainbat tokitatik: Txekia, Baviera, Alemania, Irlanda, Eskozia, Herbehereak eta belgikarrak Flandria zein Waloniatik”.
Jatekoa
Garagardo Azokak irauten duen hiru egunetan, 20:00etatik aurrera, bi lagunentzako menu tipikoa dastatu ahal izango da: ukondoa labean, Bratwurst eta Frankfurt saltxitxak plantxan, patata-purea, etxeko browning-a postrerako eta aukerako bi garagardoak.
Afari arinagoa nahi dutenek plater solteak ere izango dituzte, bai ukondoa, bi saltxitxa aleman, oilasko-hegalak, patata minak… “Eta, aurreko edizioan askok eskatu arren falta ziren ogitartekoak izango dira aurtengo berrikuntza: solomoa gaztarekin, piperrekin edo biekin, eta ‘Asiertxo’ barietatea, solomoari eta gaztari hirugiharra gehituta”.
Antolatzaileen esanetan, “hiru egun hauek euskal preso politikoekiko elkartasunez jaia girorik onenean igarotzea da erronka. Mugimendu feministak eraso sexistei aurre egiteko prestatutako protokoloa izango da, eta gastronomiari dagokionez, espero da 2.800 litro garagardo, 350 ukondo, 250 kg saltxitxa, 250 errazio oilasko eta patata, 300 ogitarteko, eta abar zerbitzatzea. Horretarako, antolatzaileek bermatuko dute aurreko urteko prezioak mantentzea”.